Aratusteetako kontzertua hilaren 17an egingo da, 22:30ean, Bergarako Udal Pilotalekuan eta ohiko formatua berreskuratuko du; izan ere, pandemia dela eta 2021ean ezin izan zen egin eta iaz koronabirusaren aurkako neurrien baldintzapean antolatu behar izan zuten.
Hortaz, ohiko modura, bi zatitan banatuko da emanaldia. Lehen zatian, gutxi gorabehera hamabost minutukoa, hiru pieza musikatuko ditu Bergarako Musika Bandak. Alde batetik, Ihauterietako dantzak; urtero legez, duela 100 urte baino gehiago, Ignacio Gonzalez Escala bandako zuzendari izandakoak Tolosatik ekarritako aratuste doinuak. Ondoren, James Barnes estatu batuarraren Alvamar overture, obertura distiratsu eta bizia. Eta azkenik, Enrike Txurruka Musika Bandako zuzendariak dance musika elektronikoko zenbait abestirekin osatutako Dance party izeneko moldaketa.
'Izarren gaua'
Bigarren zatian, antzerkiaren txanda izango da eta antzezleek Pedro Mujika izango dute gidari. Aurtengoan, Izarren gaua izeneko lehiaketa izango da gai; Txurrukaren esanetan, "telebistan hain modan dauden horietakoa". Tarte honetan arituko dira antzezleekin batera Musika Banda, Orkestra, Aritzeta abesbatza eta Debako Kulunka dantza-taldea; baina baita, zenbait abeslari, "batzuk aurretik parte hartu dutenak; besteak, aldiz, lehen aldiz egingo dutenak. Denak herrikoak. Guztiak banda edo orkestrako kide, bat ezik".
Sarrerak dagoeneko salgai daude zortzi eurotan, Seminarixoko txarteldegian edota www.seminarixoa.eus webgunean.
Goiena telebistak osorik jasoko du
Goiena telebistak, aurten ere, oso-osorik grabatuko du emanaldia. Azken urteetan egin ohi duen moduan, ostean emateko. Otsailaren 23an, 23:00etan, eguena, ikus ahal izango da kontzertua, Goienak telebistatik.