Bergarako Musika Eskolak ikastaroak emango dizkie herritarrei, bigarren urtez

Eki Letona Erretolatza 2023ko ots. 6a, 12:37
Gaur goizeko bergara musika eskolako prentsa aurrekoa.

Bergarako Musika Eskolak gaur goizean egin du prentsaurrekoa, hurrengo hilabeteetan eskainiko dituzten ikastaroak jakinarazeko. Bigarren urtez antolatu dituzte ikastaro horiek eta, iazko arrakastaren ondoren, aurten berri batzuk emango dituzte. Herrikoen kultur proposamenak entzun ondoren eraman dituzte aurrera batzuk. Prentsa-oharrean dioten moduan, euren lanari eta Udalaren babesari esker.

Hauek dira aurtengo zortzi ikastaroak:

Musika familian: Familian musikaz gozatu ahal izateko, Maite Vicuña musikoterapeutak sortutako ikastaroa. Gordon metodoan erabiliz, abestian, dantzan eta perkusio txikian oinarritzen da. Martxoaren 11n, 18an eta 25ean izango dira 40 minutuko ikastaroak: 11:00-11.40. 1 eta 4 urte arteko gazteentzat izango da eta haur bakoitzarekin guraso batek joan beharko du.

Musikarekin gozatzen: Aurreko ikasturtean izandako arrakastaren ondoren, aurten ere proposamenak aurrera egin du. Orf eta Willemsen metodoak erabiliz, gorputza eta ahotsa erabiliko dira musikaz gozatzeko. Leire Ugarte izango da irakaslea eta martxoaren 10ean eta 17an izango dira ordubeteko ikastaroak, 11:15-12:15, Bergarako jubilatuen etxean.

Opera bat: Ikusi eta entzun, 'Don Giovanni': Ikastaro hori ere berriro egingo dute, aurreko urtean izandako harrera onaren ondoren. Aurten, Mozarten Don Giovanni aukeratu dute ikastarorako. Bi saio izango dira, martxoaren 16an eta 23an: 18:00-19:00. Valen Moñux izango da hizlaria.

Oinarrizko pandero ikasketa: 14 urtetik gorakoei eta instrumentuarekin hasi berri direnei zuzendutako ikastaroa. Helburua da gazteek musika giroaz gozatzea. Mireia Ibaberen ikastaroak bi saio izango ditu, apirilaren 22an eta 29an, 09:30etik 11:00etara.

Peñaparda: Aurreko ikastaroek bezala, honek ere panderoarekin dauka erlazioa. Kasu honetan, pandero karratua; musika herrikoian geroz eta gehiago erabiltzen den instrumentua. Hain zuzen, Maixa Lizarribar trikitilari, abeslari eta pandero-jolea izango da irakaslea. Saio bakarra izango da, apirilaren 22an, 11:00etatik 12:30era.

Plaza dantzak: Ikastaro hori bigarren urtez jarriko dute martxan; iaz bezala, Natxo Montero izango da irakaslea. Dantzak eta koreografiak erakutsiko ditu. Eskolak martxoaren 4an, 18an eta 25ean izango dira, 10:30etik 12:30era. Ikastaro amaieran, apirilaren 1ean, EINGOU taldearekin egingo dute dantza, Seminarioan, eta horrela amaituko da ikastaroa.

Kontrabaxua jo nahi? Oinarrizko maila: Ikastaro hori berria da. Instrumentu berezi hori ez da askorik ikusten azkenaldian, eta Bergarako Bandan eta Orkestran jotzen dute. Pablo Alvarez izango da irakaslea eta ordu erdiko eskola indibidualak izango dira otsailaren 25ean eta martxoaren 4an, 11n eta 18an.

DJ eta scratch ikastaroa: Gazteenei zuzenduta. 12 urtetik gorakoentzat antolatu dituzte eskola berezi horiek. Zigor DZ disko-jartzailearen zuzeneko lana landuko dute eta kantak bata bestearekin lotzen ikasteko aukera izango dute. Gainera, biniloekin scracht-ak egiten ikasiko dute. Apirilaren 3an izango da ikastaroa, 19:00etatik 20:30era.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak