Gipuzkoako Neguko Igeriketa Txapelketa jokatuko da asteburuan Agorrosinen

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko ots. 3a, 10:00

Gipuzkoako Igeriketa Txapelketa, iaz, Agorrosinen. (Argazkia: GOIENA)

Hamasei klubetako 200 igerilari baino gehiago izango dira bihar eta etzi jokatuko den txapelketan. Horietatik 11 izango dira bergararrak. Txapelketa dela eta, otsailaren 4an eta 5ean Agorrosingo igerileku handia eta txikia erabiltzaileentzat itxita egongo dira.

Gipuzkoako Neguko Igeriketa Txapelketa jokatuko da asteburu honetan Agorrosinen. Zapatuan eta domekan arituko dira lehian infantil, junior eta absolutu mailetan hamasei klubetako 200 igerilaritik gora. Lau jardunalditan banatu dute txapelketa: bi egunean goizez eta arratsaldez izango da. Horietatik hamaika izango dira Bergara Igeri Elkarteko kideak. Hortaz, otsailaren 4an eta 5ean Agorrosingo igerileku handia eta txikia erabiltzaileentzat itxita egongo dira. Gipuzkoako igeriketa lehiaketa jokatuko baita bertan.

Asier Perez BIEko entrenatzaileak adierazi du asteburura begira "ondo" ikusten dituela igerilariak: "Gogotsu gaude. Entrenamendu txukuna egin dugu, eta ea zer gertatzen den". Helburuak finkatuta dituzte, Perezen esanetan, eta Euskadiko gutxieneko denbora dutenak ahalik eta ondoen egitera joango dira. Gutxienekoa ez dutenak, ordea, marka hori lortzera. Izan ere; Perezek aurreratu duenez, bost igerilarik dagoeneko badute Euskadiko gutxienekoa, "baina bat hortxe-hortxe dabil".

Denboraldiko erronkak

Irailaren hasieran hasi ziren Bergara Igeri Elkarteko igerilariak denboraldia prestatzen. Dagoeneko Ligako lau jardunalditan aritu dira eta duela bi aste Irungo Gipuzkoako Taldeen Kopa izan zuten: "Orain, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dugu; gero, Euskadikoa etorriko da; eta ondoren hasiko da denboraldiko bigarren zatia".

Datozen hilabeteetarako ere badituzte erronkak, entrenatzaileak azaldu duenez. Ahalik eta denboraldirik txukunena egin nahi dute, eta talde moduan hobetzen joan. Markei dagokienez, "aurreko urtean Ane Alberdi Espainiako Txapelketarako sailkatu zen eta aurten ere sailkatzea izango litzateke asmoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak