Mugikortasun planaren "lanketa eza" salatu du EAJk

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko ots. 1a, 13:08

Jeltzaleen arabera, Udal gobernuak "legealdi osoa" darama plana lantzen, baina egun "ez du ekintzen proposamen zehatzik". Hala, mahai bat eratzeko proposamena egin dute.

Mugikortasun Plana oinarritzat hartuta, EAJk salatu duenez, Bergarako Udal gobernuak "ez du planak aurrera eramateko gaitasunik". Haren arabera, iazko abenduko lurralde batzordean aurkeztu zuen proposamena EH Bilduk, baina jeltzaleek mahai gainean lagatzeko eskaria egin zioten alderdiari, "beste lanketa bat egitea ezinbestekoa zela" gaineratuta. "Gaia eztabaidatu ondoren, azkenean, alkateak mahai gainean uzteko erabakia hartu zuen, erabilitako datuak zaharkituak direlako".

EAJren arabera, ordea, ez da lehen aldia gaia "aztertzeko eta birplanteatzeko" eskaria egiten dutena, baina hartutako erabakia "zentzuzkoa" iruditzen zaie. "Planteatzen diren hainbat kontuk ez dute zentzurik. Batetik, plana garatzeko erabili dituzten datuak orain ia bost urtekoak dira, eta, beraz, ez dira baleakoak". Gainera, erantsi dute aurkeztutako dokumentuak 2021eko abenduko data duela, eta, beraz, ia urtebete zuela eurei aurkeztu zieten unean.

Areago, jeltzaleek nabarmendu dute urtarrilean ere lurralde batzordea egin dutela, baina EH Bilduk ez duela "inolako proposamen berririk" egin Mugikortasun planari dagokionez. "Kostua 18.000 eurokoa izan da. Legealdi oso bat galdu du, aurrerapausorik eman gabe". Hala, mugikortasuna lantzeko lan mahai bat eratzeko proposamena egin du EAJk.

Terrazen ordenantza

Horrez gain, salatu dute gauza bera gertatu zela terrazen ordenantzarekin ere. Adierazi dutenez, EH Bilduk 2022ko urtarrilerako ordenantza berri bat izango zela "agindu" zuen arren, mahai gainean gelditu da gai hau ere. "Argi dago EH Bilduk adostasunak lortzeko eta eragile desberdinekin zailtasunei aurre egiteko duen arazoa edota gaitasun falta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak