San Paulo eta San Blas jaiak datozen bi asteburuetan, Bergarako Ubera eta Buruñao auzoetan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko urt. 27a, 12:30

Bergarako txistularien kalejira, Uberan. (Argazkia: GOIENA)

Musika, jolasak, meza eta txapelketak izango dira Ubera eta Buruñao auzoetako jaietako egitarauen barruan.

Aurreko bi egunetan salda eta txistorra eskaini ostean, gaur 20:30ean emango zaie hasiera Ubera auzoko San Paulo jaiei, pintxo-potearekin, eta ondoren, 21:00etan, auzo-afaria egingo dute Jaolatza elkartean. Zapatuan jarraituko du festak eta 11:30etik 16:00ak arte jolasez eta puzgarriez gozatzeko aukera izango dute etxeko txikiek. Eguerdian, salda eta txorizoa banatuko dituzte eta ordu batean lehiaketen txanda izango da, tarta eta tortilla lehiaketetan parte hartu ahal izango baita. Ordubete geroago, 14:00etan, tortilla lehiaketako sari-banaketa egingo dute; eta ondoren, auzo-bazkaria.

Jaien azken eguna urtarrilaren 29a izango da, domeka, eta Bergarako txistularien dianak alaituko du auzoa, goizeko hamarretatik aurrera. Hamaiketan meza egongo da eta eguerdian salda eta txistorra banatuko dute. Festei amaiera emateko, Moises Azpiazu dantza-taldeak emanaldia egingo du.

Sanblasak Buruñaon

Otsailaren 3tik 5era, berriz, San Blas jaiak ospatuko dira Buruñao auzoan. San Blas egunean, egubakoitza, etxafuegoa jaurtiko dute, 08:00etan, eta hamaiketan izango den meza nagusian egingo dute opil-bedeinkapena. Ondoren, nahi duen orok salda eta txorizoa dastatzeko aukera izango du auzoko elkartean.

Zapatuan egingo dute urteroko Mus Txapelketa. 33. San Blas saria arratsaldeko lauretan hasiko da eta zortzi erregetara jokatuko dute. Izen-ematea egunean bertan zabalduko dute, 15:30ean. Bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu. Lau sari egongo dira: bikote irabazleak garaikurra eta inskripzioaren %50 eskuratuko ditu; bigarrenak eta hirugarrenak, inskripzioaren %30 eta %20, hurrenez hurren; eta laugarrenak, sari berezia. Eguna auzo-afariarekin amaituko dute.

Domekan, San Blas Txiki eta Santa Ageda eguna, 08:00etan etxafuegoa botako dute eta 11:00tan meza izango da. Eguerdian Moises Azpiazu dantza-taldea arituko da eta haurrentzako kukainak izango dira. 19:00etan, aspaldiko usadioari eutsiz, San Blas ermitako ermandadeko kideek bilkura egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak