EH Bilduren taldeari babesa helarazteko ehundik gora herritar elkartu dira gaur eguerdian plaza inguruan. Datorren legegintzaldian ere, egun alkate den Gorka Artolak zeregin horretan jarraitzea da bertaratu diren herritarren nahia; Ni, Artolarekin leloa erabili dute horretarako.
"Gaurkoa indarrak batzeko eguna da; izan ere, zailtasunak zailtasun, legegintzaldi honetan proiektu ugari jarri dira abian, baina horien fruituak jasotzen jarraitzeko hurrengo legegintzaldia geure egitea behar dugu", adierazi du ekitaldia aurkeztu duen Maite Aristegik.
"Boluntarioz osatutako sarea" osatzea da asmoa, eta gaurko ekitaldian "lehen oldea" aurkeztu dute. "Bergaratik Euskal Herria eraikitzen jarraitu nahi dugu eta horretarako herri bizia behar dugu: feminismoaren balioak bere egingo dituena, natura eta pertsonak zainduko dituena, solidarioa (...) Eta hori denon artean egin behar dugu", esan du Aristegik.
Hala, kanpainan zein hauteskunde egunean laguntzeko, izena ematera animatu dituzte herritarrak: "Bakarka ezin dugu ezer egin; taldean jardun behar dugu, elkarrekin, benetako auzolanean, parte-hartzea oinarri hartuta".
Ainhoa Lete, zerrendako bigarren
Alkateorde den Ainhoa Letek Artolaren ondoan jarraituko du, EH Bilduren zerrendan bigarrena izango baita. "Berriz ere zerrendetan joatea erabaki dut. Komunitateak egoki ikusten badu, udalgintzan jarraituko dut lanean, herrigintza maite dudalako", azaldu du gaur.