Julen Aranburu: "Oso maila politeko pilotariak lehiatuko dira"

Xabier Urtzelai 2023ko urt. 20a, 20:00
Julen Aranburu, joan den zapatuan Bergarako pilotalekuan.

Soraluce lau eta erdiko pilota txapelketaren hamahirugarren edizioa hasiko dute hilaren 31n: "Erreferentziazko torneoa da gurea, maila oneko partiduak izaten dira".

Hilabete eta erdiz Bergarako pilotalekuan promes eta amateur mailetako lau eta erdiko pilota partiduak izango dira martitzenero (19:00). Finala martxoaren 14an jokatuko dute eta antolatzaileek espero dute torneoa hasiko duten pilotarien artean bajarik ez egotea, posible den neurrian. Debagoieneko bi pilotari daude gonbidatuen artean: Ander Etxaniz bergararra eta Ander Murua arrasatearra.

Hamahiru urte beteko ditu txapelketak. Bada zerbait...

Bai; esango nuke Soraluce lau eta erdikoa erreferentziazko torneo bilakatu dela. Uste dut sasoi ona dela torneo pribatu bat antolatzeko; pilotariak txapelketa ofizialak jokatzen dabiltza asteburuetan, baina gure partiduak martitzenetan jokatzen dituzte eta pilotariek tartea dute gero errekuperatzeko. Eta urte hasieran jokatzen den torneoa da; badira beste hilabete beteago batzuk. Ea torneoko pilotarien artean ez dugun azken ordukorik izaten, lesioak eta halakoak ohikoak izaten direlako.

Maiatzean edo ekainean zailagoa izango litzateke halako torneo bat antolatzea?

Seguruenik, bai. Eta hor badugu, esaterako, Bergara Hiria txapelketa. Pandemia tarteko azken hiru urteotan ez dugu Bergara Hiria antolatu, eta hori ere erreferentziazkoa zen. Zuzendaritzatik bagabiltza pentsatzen zelan heldu ostera ere torneoari, ordurako pilotariek Herri Artekoa ere izaten dute eta.

Bergarako frontoia zer moduzkoa da lau eta erdian jarduteko?

Oso kirol instalazio ona da, leku beroa da, jendea gustura etortzen da eta zoru ona du pilotan egiteko, noblea. Egia da horma zatartuta dagoela; epe laburrean pentsatu beharko litzateke konponketaren bat egitea.

Lau eta erdikoak badu arrisku bat, partiduak azkar hautsi daitezkeela...

Bai, gerta daiteke; akaso, buruz burukoa arriskutsuagoa da, baina, tarteka, egoten dira halako partiduak. Iaz, esaterako, sekulako partiduak izan genituen, oso berdinduak. Zorionez, hemengo pilotariek maila ona dute eta, orokorrean, partiduak lehiatuak izaten dira. Baina tarteka gertatzen da, bai.

Baduzu faboritorik?

Promesen mailan Beñat Zubizarreta nabarmenduko nuke; iaz ere hark irabazi zuen torneoa eta aurten ere eskuz binakako torneoetan beti ibili da finalen bueltan; uste dut besteak baino koska bat gorago dagoela. Eta nagusien mailan, Eneko Labaka ere hor egongo da; Oihan Kanabal iaz lesionatu egin zen, baina aurten uste dut torneo polita egin dezakeela, pare bat txapelketa irabazi ditu lau eta erdian; bestetik, Josu Igoa ere indartsu dago...

Debagoieneko Ander Murua eta Ander Etxaniz gonbidatu dituzue.

Bai; ordezkoen zerrendan ere badaude debagoiendar gehiago, eta bi horiek hasierako multzoan daude. Murua eta Etxaniz maila politeko pilotariak dira, baina, hasiera batean, ez nituzke faboritoen multzoan sartuko. Ander Etxanizek oso maila tekniko ona du, polita da hura pilotan ikustea, oso ondo jartzen du gorputza eta landutako pilotaria da. Baina egia da defentsa lanean hor dauden batzuk hobeak direla, indar handiagoa daukatela. Lehenengo partidua Karregalen kontra dauka eta errebantxa gogoz egongo da, Gabonetan galdu egin zuen-eta haren kontra. Eta Ander Muruak eskuz binaka oso torneo onak egin ditu 2022an, hainbat txapel jantzi ditu eta maila onean dago; gainera, iaz Soraluce lau eta erdikoan finalerdietaraino iritsi zen... Esandako moduan, ez nituzke faboritoen multzoan sartuko, baina ezustea eman dezaketen pilotariak dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak