Autodefentsa eta umore saioak Bergaran, ahalduntze feministarako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko urt. 20a, 10:22
Bea Egizabalek –argazkian– eta Paki Caballerok gidatuko dute hilaren 28ko saioa.

Jabekuntza Eskolaren urritik urtarrilera arteko epealdiko azken bi tailerrak izango dituzte urtarrilaren 21ean eta 28an Agorrosinen: lehena autodefentsa feministaren gainekoa da eta bigarrena, berriz, umorea eta generoa lantzen dituen Barrez lehertzen saioa.

Jabekuntza Eskolak antolatuta, emakumeei zuzendutako bi saio interesgarri izango dira urtarrilaren 21ean eta 28an. Hilaren 21ean, 2022ko azaroan atzeratu behar izan zen autodefentsa feministaren gaineko saioa izango dute; Agorrosin Ekintza Gunean elkartuko dira, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara.

Euskaraz egingo dute eta Emagin elkartea izango da dinamizatzailea. Antolatzaileek hiru arrazoi eman dituzte, besteak beste, autodefentsa feminista garatzeko beharra azaltzeko: "Ez dugulako sasi-salbatzailerik behar, gu geu gai garelako; egunero jasaten ditugun eraso sexisten aurrean erantzun bat emateko; eta balio justuagoetan oinarritutako harremanak lantzen dituelako".

Egizabal eta Caballero

Bestalde, urtarrilaren 28an, umorea eta generoa landuko dituen Barrez lehertzen izeneko tailerra izango dute Agorrosinen, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 18:30era. Bea Egizabal Ollokiegik eta Paki Caballero Martinek dinamizatuko dute saioa eta izena ematen duten emakumeen arabera erabakiko da ze hizkuntzatan emango duten. Egizabalek eta Caballerok ibilbide luzea dute umorea feminismotik lantzeko saioak gidatzen. Oso modu berezian egin dute izena emateko gonbidapena: "Arduragabeak, saminduak, tuntunak, handiusteak, umorista kaskarrak, emakumeak ez diruditenak... ongi etorriak izango zarete tailer honetara. Barre egingo dugu elkarrekin; hasteko eta behin, geure buruari egingo diogu barre. Sudur gorri batekin kamuflatuta, anonimotasuna mantenduko dugu".

Epealdiko azken saioak Jabekuntza Eskolako tailer eta ikastaroak doakoak dira eta izena emateko epea ekintza hasi baino bost egun lehenago amaitu ohi da. Hortaz, interesatuek oraindik aukera izango dute urtarrilaren 28ko umorezko saioan izena emateko; 943 77 91 00 telefono zenbakira deituta edo berdintasuna@bergara.eus helbide elektronikora idatzita eman daiteke izena. Hilaren 28ko tailerra izango da 2022ko urritik 2023ko urtarrilera arteko epealdiko azken saioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak