Gorenean jarraitzeko garaipena eskuratu du Soraluce BKEk (66-62)

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urt. 14a, 18:22

Lehia estua izan da bergararrek Añorgaren aurka jokaturikoa, atsedenaldira artekoa, bereziki. "Bigarren zatian, ordea, defentsa aldatu dugu eta askoz eraginkorrago aritu gara", azaldu du Xabat Irazola entrenatzaileak. Horri esker, lau puntuko aldearekin nagusitu dira (66-62).

Lehenengo bi laurdenetan, oso lehiatua izan da partidua. "Gure bizpahiru minutu onen ostean, 0-18ko partziala egin digute eta haiek abantaila hartu dute markagailuan", dio Irazolak.

Bigarren zatian, aldiz, defentsa aldatu dute bergararrek, indibidualetik zona-defentsara pasatuz. "Horri esker, errenta hobetzen joan gara eta, gainera, azken minutuak hobeto jokatzen jakin izan dugu, bero zeuden jokalariengan sinistuz".

Hamargarren postuan egon arren, Okela-Maialen Añorga taldeak estu hartu ditu etxekoak. "Sailkapenari begiratu ezkero, behean daude, baina oso dinamika onean zetozen, azken partiduak irabazita, eta arriskutsuak ziren", adierazi du entrenatzaileak. Garaipen honi esker, sailkapeneko lehen postuan jarraitzen du Soraluce BKEk. "Gu ere oso dinamika onean gaude. Azken partidu guztiak irabazten ari gara".

Denboraldi hasieran, sailkapeneko erdiko postuetan kokatu eta partiduak lehiatzea zen taldearen helburua baina, ikusitakoak ikusita, helburuak aldatu daitezkeela onartu du Irazolak. "Dinamika honekin jarraitzen badugu, lauko finalera sailkatzea izan behar da gure helburua", nabarmendu du.

Liga berean, Gipuzkoako Seniorren Lehen Mailan, Aloña Mendik garaipen garrantzitsua lortu du Zubikoan, Inter de Mitente taldearen aurka (69-67). Hala, lauko finalerako sailkatzeko postuak oso gertu dituzte oñatiarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak