Eider Elorza: "Zaila izango da euskal selekziora bueltatzea"

Xabier Urtzelai 2023ko urt. 13a, 16:30

Eider Elorza, iazko txapelketan.

Bergarako gazteak bigarren urtez jarraian zilarrezko domina ekarri du Espainiako Txapelketatik; dio senior mailan zaila izango dela selekziora itzultzea.

Eider Elorza (Bergara, 2005) Espainiako Zilarrezko Mailan dabil Elgoibarko taldearekin jokatzen. Bigarren urtez, baina, euskal selekzioa ordezkatu ahal izan du Espainiako Txapelketan. Iaz zilarra eskuratu zuten eta aurten pauso bat aurrera eman nahi zuten, baina finalean Nafarroa hobea izan zen (27-20). Hala ere, selekzioko ordezkariak pozik bueltatu dira egindako lanarekin. Gainera, ez da Bergarako ordezkari bakarra izan: infantil mailan Markel Aperribai ere torneoan izan da.

Bigarren urtez zilarra; pozik?

Bai, oso pozik bueltatu gara eta selekzioko taldeen artean, gainera, oso giro ona izan dugu, baina egia da iazko zilarraren ondoren urrea nahi genuela, eta oraingoan ere finalean kontrarioa gu baino hobea izan da. Nafarroako selekzioa faboritoen multzoan zegoen, lehenengo fasean ere galdu egin genuen euren kontra [bi partidu horiek bakarrik galdu dituzte] eta txapelketako azken partiduan ere erakutsi zuten gu baino talde osoagoa zeukatela. Baina sekulako esperientzia izan da, partiduetan jendetza zegoen harmailetan, sekulako kirol instalazioak, kamera mordoa partiduak grabatzen... Pozik itzuli gara bizitako esperientziarekin.

Eider Elorza, Alacanten eskuratutako trofeo eta dominarekin.

Gazte mailan selekzioko finkoetako bat izan zara...

Bai; kadete mailako jokalari ginenean pandemia izan genuen tartean eta ez zen halako txapelketarik izan, eta iaz eta aurten gazte mailako taldeko deialdian egon naiz; oso motibagarria da hori.

Datorren urtean senior mailako jokalaria izango zara.

Bai; 18 urte izango ditut eta horrek esan nahi du oso zail izango dudala selekziora itzultzea. Azken batean, Euskal Herriko jokalari onenak egoten dira senior mailan, maila gorenean jokatzen dabiltzan neska helduagoak, eta oso zaila izango da; oraingoz, ezinezkoa. Baina egin ditudan bi urte hauetan asko gozatu dut. Senior mailan euskal selekzioak ez du autonomien arteko Espainiako Txapelketa jokatzen, bestelako txapelketak dituzte.

Orain, indarrak ligan jarri beharko dituzue berriz, eta baduzue lana.

Bai; liga hasieratik aldapa gora jarri zaigu dena eta azken postuan gaude sailkapenean [Eider Elorza Espainiako Zilarrezko Mailan jokatzen dabil Gaurve Asesores Elgoibar taldean]. Egia da horrek ez gaituela ezustean harrapatu, belaunaldi aldaketa izan dugu taldean, halakoak gertatzen dira eta hasieratik bagenekien oso talde gaztea izan behar genuela; gazte mailako jokalariak gaude talde horretan eta partiduetan igarri egiten da, 25 urteko kontrarioak izaten ditugu-eta aurrean.

Mailari eusteko esperantzarik bai?

Bai; saiatu, behintzat, saiatuko gara, hori seguru. Nahiz eta sailkapenean azkenak egon badugu esperantza, eta, gezurra badirudi ere, taldekideak egoerari buelta emateko oso motibatuta gaude. Espero dugu bigarren itzulian hobeto ibiltzea, eta jokoari dagokionez bagabiltza aurrerapausoak ematen.

Pena izango litzateke maila galtzea.

Bai; izan ere, Euskadiko Txapelketan ere maila polita badago ere, koska handia dago batetik bestera. Ea eusten diogun.

Zer da eskubaloia zuretako?

Denbora luzea eskaintzen diodan zerbait da; gaur egun, nire bizitzako pieza garrantzitsua. Izugarri gozatzen dut jokatzen, entrenatzen, taldekideekin egoten eta abar.

Bergarako taldea, jarraitzen duzu?

Bai, koadrilakoak ditut gazte mailan, eta ahizpa ere kadete mailan dabil. Ahal dudanean Labegaraietara joaten naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak