Itzuliko azken etapa Bergaratik pasako da, baita martxa zikloturista ere

Xabier Urtzelai 2023ko urt. 13a, 12:57

Itzulia Gorlatik pasatzen, 2021ean.

Itzuliak edizio honetako azken etaparen ibilbidea aurkeztu du, eta lasterketa bailaratik pasako da, Eibarren amaitzeko. Ziklistak Gorla jaitsita sartuko dira Debagoienera. Gainera, azken etapa horren ibilbide berbera izango duen martxa zikloturista ere aurkeztu dute, Itzulia Basque Challenge 2023. 

Euskal Herriko Itzuliko lasterketako azken etapa apirilaren 8an jokatuko dute, eta Eibarren izango ditu bai abiapuntua, bai helmuga; 137,8 kilometroko ibilbidea eta 3.600 metro baino gehiagoko desnibela izango du. Azken etapa hori 2023ko edizioko etapa nagusia izango da; orotara 7 mendate puntuagarri izango ditu, horietako hiru lehen kategoriakoak. Hala, lehiakideek berriz ere Azurki, Gorla –Elosutik igota– eta Krabelin mendateak igo beharko dituzte. Eguneko azken-aurreko mendatea Izua izango da; zenbait urtez Itzulia lasterketako ibilbidean agertu gabe egon ondoren, aurten txirrindulariak hartuko ditu berriz ere. Baina, oraingoan ziklistek ez dute lasterketa Arraten amaituko, eta bai Eibarko kaleetan. 

Itzuliako azken etapako ibilbidea.

Etaparen perfila.

Itzulia Basque Challenge martxa zikloturista

Itzulia Basque Challenge 2023 egitasmoa ere aurkeztu dute; Itzuliako lehen proba zikloturista izango da, eta Eibarren antolatuko dute apirilaren 9an. "Lasterketa honek bi ibilbide eskainiko ditu; batetik, World Tour delakoa izango da, eta txirrindulari profesionalek egingo duten etapa nagusiko ibilbide berbera izango du; bestetik, beste ibilbide laburrago bat eskainiko da, ez horren gogorra: iraupen erdiko ibilbidea izango da eta 80,6 kilometroko luzera eta 2.100 metro baino gehiagoko desnibela izango du; lau mendate zeharkatuko ditu, bi mendate lehen kategorikoak, mendate bat bigarren kategoriakoa eta azkena hirugarren kategoriakoa". Xehetasun gehiago eta izena emateko, hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak