Jolaserako eremu berria sortuko da Zabalotegin

Eneko Azkarate Laspiur 2023ko urt. 12a, 17:00

Jolasleku berriak hartuko duen itxura.

Zabalotegiko Txiki Txokoa berriro urbanizatzeko lanak esleitzeko deialdia egin du Bergarako Udalak. Proposamenak aurkezteko epea urtarrilaren 17ra arte dago zabalik.

Guneak 700 metro koadro ditu. Jolas jarraiturako gunea izango da, egur naturalarekin egindako elementuak izango dituena. Bergarako Udaletik adierazi dutenez, "haurrek material naturalak ukitu, sentitu eta elkarri eragiteko aukera izango dute, jolasaren bidez horietaz gozatzeko".

Dorre-modulu bat

Ekipamendu berriak kioskoko hexagonoaren bi aldeetan kokatutako dorre-modulu bat izango du. Bertan, igoera-sare bat, txirrista, tunela, arbela, eskalada-pareta, bankua eta soka ahula egongo dira. Era berean, enbor eta sokazko baso bat izango du; hiru aurpegiko rokodromo bertikal bat; txikientzako bentatxo bat eta jolas sinbolikoetarako mahai bat; gurpil-aulkientzako arrapala irisgarri bat eta alboetako itxiturak, jolaserako irekiguneekin; eta plataforma inklinatuez eta sokaz osatutako igoera-multzo bat. Kioskoaren kanpoaldean, gainera, habia bat jarriko da, eta espazio osoan segurtasun-zoru bat jarriko da.

LED teknologiako argiteria berria

Horrez gain, bankuak, paperontziak eta alboko horman babes-baranda bat jarriko dira, bai eta iturri bat ere. Argiztapen-sistema berritu egingo da, bost luminaria eta sodio-lurrunezko lanparen ordez LED teknologiako beste batzuk jarriz, inguruko energia-eraginkortasuna eta baldintza luminoteknikoak hobetzeko. Era berean, sei argi gehiago jarriko dira parkearen atzeko oinezkoentzako pasealekuan.

91.562,23 euro eta lau hilabete

Imara Ingeniaritza, S.L-k idatzi du proiektua. Eta hori da gauzatuko dena. Lanak 4 hilabetetan egitea aurreikusten da, eta aurrekontua 91.562,23 euro (BEZ barne) da.

Oinherri herri hezitzaileen sarea

Oinherri herri hezitzaileen sareko kide da Bergara, eta horren filosofiari jarraituta egin da gunearen diseinuaren prozesua. 2020. urtean sortu zen Bergarako herri hezitzailea taldea. Bertan sortutako ideiak praktikan jartzeko asmotik abiatu zen haurren parte hartzearekin jolaserako espazio bat egokitzeko prozesua, Zabalotegin gauzatu dena.

Ikasketa prozesua

Udaletik adierazi dutenez, emaitza praktikoaz harago "gauza asko eman ditu egindako prozesuak", eta ikasketa orokor bat ere jaso dutela aipatu dute, etorkizunean egingo diren lanetan oso kontuan hartzekoa: "Konturatu gara ez genekiela oso ondo nola galdetu haurrei haiek zituzten ideiak eman zitzaten. Egiten ikasten denez, guretzat ikasketa prozesua ere izan da".

Haurrekin batera

Gorka Artola alkatea pozik dago egindako lanarekin. "Haurrak izango dira jolas parkearen erabiltzaileak, eta herri hezitzailearen oinarriei jarraituta, subjektu aktibo gisa hartu ditugu prozesuan, haiek dituzten beharrak eta nahiak entzuten. Azken urteotan proiektu asko egiten ari gara partaidetzan, eragileekin eta herritarrekin. Haurrak ere herritarrak dira, beraz, helduekin egiten dugun bezala hasi behar gara haiek entzuten".

Ludotekan bertan egin zen lehen parte-hartze saioa, bertako erabiltzaileekin. HHko haurrek eta LHkoek hartu zuten parte. Zabalotegira bisita egin zuten saioa egin baino astebete lehenago. Espazioan hobetzeko ikusi zituztenak zerrendatu zituzten, batetik, eta jarriko lituzkeenak bestetik. Zerrenda osotik hiruna lehentasun markatu zituzten. LHkoek buruan zuten jolas parkea marraztu ere egin zuten.

Bigarren parte-hartze saioa familiekin egin zen, eta hemen ere ideia zerrenda handia osatu zuten. Online parte hartzeko aukera ere eman zen.

Jolas parkeko elementuak

Jasotako ideiekin jolas gunea diseinatzeko proposamen bat osatu zen. Jolas parkean egon beharko liratekeenen artean hauek jasotzen dira: agertokia, eserlekuak, maila ezberdinak; mahaien gunea: picnik mahaiak eta eserlekuak; gune aktiboa: eskalada, oreka/desoreka; esperimentazioa: lokaztegia, iturria (urarekin jolasteko gunea), nahasketak egiteko gunea…; gune lasaia: etxetxoak, belarra, ezkutatzeko gunea; lorategia, landare zaintza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak