Ongi etorria egin diete atzerritik Bergarara etorritakoei udaletxean

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko urt. 7a, 15:53

2022. urtean Bergarara iritsi ziren atzerritarrei ongi etorria egin diete udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Dantza eta zuzeneko musikarekin girotutako ekitaldia izan da eta ondoren jatekoa eta edatekoa izan dute, baita berriak direnak hobeto ezagutzeko aukera ere.

Goizean egin duten ekitaldian hogei atzerritar inguru izan dira Bergarako Udalak antolatu duen ongi etorrira; lehen aldia da Udalak hau antolatzen duena. Hasieran Gorka Artola alkateak hitz egin die zuzenean bertara gerturatutakoei eta Bergarako udaletxeko ateak "zabalik" dituztela azpimarratu du ongi etorri hitzaldian, Udaletik "edozertan laguntzeko prest" daudela gaineratuz.

Gizarte zerbitzuetako zinegotzi den Zihortza Marzan ere "pozik" agertu da harrera ekitaldiarekin. Ongi etorriaz gain, Udala prestatzen ari den baliabideen gida ere aurkeztu dute iritsi berriak direnentzat: "Herrian ze zerbitzu eta errekurtso dauden erakutsi nahi diegu eta aldi berean eurentzat gida baliozkoa den edo ez jakin eta osatzeko daudenekin osatu". Gaurko ekitaldian aurkeztutako beste proiektu bat, Herri Hezitzaileetatik sortutako Familia Enbaxadoreen Sarea izan da. Eskoletan jarriko da martxan zerbitzua, non kanpotik datozen familiei, bertako familia bat izendatuko diote eta hauek herria hobeto ezagutzen lagunduko diete. "Helburua, kultur aniztasuna alde positibo batetik erakustea da" adierazi du Marzan-ek

Harrera beroa iritsi berriak direnentzat

Ekitaldian izan diren atzerriko familia eta pertsonak ere gustura azaldu dira jasotako harrerarekin. "Oso gustura nago Bergaran, oso harrera beroa izan dut iritsi naizenetik" adierazi du Senegaletik etorri den Adelaide Badiji-k. Narvin Joel Carranza Hondurasetik iritsi berria da eta bi hilabete daramatza soilik hemen eta bera ere oso gustura dago hemen izaten ari den babesa "ikaragarria" izaten ari delako. Behin hitzaldia amaituta jan eta edatekoaren bueltan guztiek elkar hobeto ezagutzeko aukera izan dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak