Errege desfileak betiko itxura berreskuratuko du

Hasier Larrea 2023ko urt. 5a, 09:15

Iaz, ohiko ibilbidea luzatu zuen urtarrilaren 5eko desfileak, pilaketak saihesteko. Horrenbestez, gaurkoa ez da San Martin ikastetxea eta Santa Marina arteko poligonotik pasako, ezta Zubietatik ere. Elosuan ere azalduko dira Errege Magoak.

Gabonak amaitzear daudela iragartzen duen ekitaldia da Errege Magoen desfilea, tradizio handikoa Bergaran. Olentzero eta Mari Domingi protagonista diren eguna "indartzea" da Bergarako Udalaren helburua, "baina horrek ez du kentzen desfilea mantentzearen aldeko apustua egitea ere", aipatu du Nagore Narbaizak, Udaleko Hezkuntza, Gazteria eta Parte-hartze teknikariak. Boluntarioek egiten dute posible desfilea: "Bergarako kasuan, ikastetxeekin jartzen gara harremanetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek parte har dezaten; animatzen den partaide bakoitzeko 12 euroko ekarpena egiten du Bergarako Udalak, ikas bidaia finantzatzen laguntzeko".

Astelehenean banatu zituzten desfilerako rolak, eta, orotara, 80 zuzi-eramaile, erregeen paje eta soldaduk burutuko dute ibilbidea. Meltxor, Gaspar eta Baltasar zaldiz joango dira; azken hori Ndank Ndank elkarteko kide da. "Iaz galdegin genien ea elkarteko baten batek parte hartu gura ote zuen, eta aurten errepikatu egingo du", dio Narbaizak.

90EKO HAMARKADAN, ERROMERIA ETA KONTZERTUAK EGITEN ZIREN; GAUR EGUN, DESFILEA SOILIK

19:00etan hasita

Pandemiak baldintzatuta, 2020an ez zen Errege Magoen desfilerik egin, eta 2021ean ibilbidea luzatuta bermatu zuten segurtasuna. Bada, aurten, beti bezala, erdiguneko kaleetan joango dira gozokiak banatzen. Masterrekan ekingo diote desfileari, 19:00etan, eta pixkanaka iritsiko dira San Martin plazara. Osoko bilkuren aretoko balkoira herritarrak agurtzera igo aurretik, udaletxeko arkupean gaur arte erabilgarri egon den postontziko gutunak jasoko dituzte hiru Errege Magoek, txikienei zer oparitu jakiteko. Baina adineko jendearengan ere pentsatu dute, 17:30ean Mizpirualdeko egoitzara joango baitira herri-busean, bertako egoiliarrei opariak banatzera. Geldialdi alaia egiteko asmoz, musikarien doinuek girotuta egingo dute opari banaketa.

Elosuan ere agerraldia

Hirigunera ez ezik, Elosura joatea gustuko dute Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek, jaiotza biziduneko pertsonaiak alboan dituztela. Bertako auzo-alkate Iñigo Zubeldiak "aspalditik" datorren ohitura dela adierazi du: "Mendi aldetik jaisten dira plazara, 18:00 bueltan, eta inguruko herrietatik datozen haurren kartak jaso eta gozokiak banatzen dizkiete han". Kantina asteburuan irekita egongo dela jakinda, aukera ona da ekitaldia aprobetxatuta tabernan otordutxoa egiteko ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak