Iraitz Artola eta Iñigo Arzelus txapeldun kartzela zaharreko bertso saioan

Monika Belastegi Aranzabal 2022ko abe. 29a, 12:17
Irabazleak eta parte-hartzaileak atzoko saioaren amaieran. (Argazkiak: Ibon Leibar 'Txinbo')

Atzo, abenduak 28, gauean jokatu zuten kartzela zaharrean Kopla Barik bertso eskolak antolatutako herriko bertsolari txapelketa. Hamar bertsolari izan ziren taula gainean, eta batek barik, bik jantzi zuten irabazlearen txapela, lehenengoz.

Dagoeneko sasoi honetan tradizio bilakatu den bertso txapelketaren hamargarren aldia izan zen atzokoa eta parte hartu zuten bertsolariak ere hamar izan ziren: Iraitz Artola, Patxi Aiastui, Gari Lopez de Munain, Enaitz Alustiza, Mikel Mendiaratz, Axier Arriaran Txie, Eñaut Uriarte, Iñigo Arzelus, Jon Altuna Oxan eta Unai Arantzabal aritu ziren, nor baino nor.

Ikusmina sortzen duen bertso saioa izaten da eta atzokoan ere bete egin zen kartzela zaharra. Ederki joan zen saioa eta bertsolariak ondo aritu ziren, umoretik batzuetan, gai serioagoekin beste batzuetan, beti ere, Ibon Leibar Txinbo gai-jartzailearen aginduetara.

Herritarrak gustura saioan.

Hainbat ariketa egin behar izan zituzten bertsolariek: zortziko handia, zortziko txikia, puntu-erantzuna, koplak, seiko motza eta kartzelako lana –azken horrek duen esanahiagatik Euskal Herriko Txapelketan Ganbarako lana izendatu berri zuten arren, atzoko saioan lehengo izena erabili zuten kokapenari keinu eginez–. Bertsolari bakoitzak ariketako bi bertso abestu zituen, ohiko hirurak abestu beharrean, bertsolari asko zirenez, luze joan ez zedin eta saioari erritmoa emate aldera.

Birritan berdinduta

Hamar bertsolarietatik lau sailkatu ziren lehen bueltan: Iñigo Arzelus, Enaitz Alustiza, Gari Lopez de Munain eta Iraitz Artola. Eta horietatik Iñigo Arzelus eta Iraitz Artola iritsi ziren buruz burukoa. Biak ere ondo aritu ziren eta berdindu egin zuten puntutan. Berdinketa hausteko saiakeran ere berdindu egin zuten. Hori horrela, epaile eta bertsolarien artean aurten bi irabazle egotea erabaki zuten eta ondorioz, Arzelusek eta Artolak jantzi zuten bart txapela.

Iñigo Arzelus eta Jon Altuna 'Oxan' saioaren une baten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak