Familientzako formakuntza saioetako izen-ematea urtarrilaren 5era arte luzatu du Bergarako Udalak

Itziar Larrañaga Sarasola 2022ko abe. 27a, 10:56

2023ra begira, 3 -11 eta 12-16 urteko seme-alabak dituzten familientzako formakuntza programa prestatu du Udaleko prebentzio sailak, aurreko urteetan egin bezala.

Saioen helburu nagusia da gurasoei estrategia pertsonalak, emozionalak eta hezkuntzakoak bereganatzen laguntzea, familiako bizikidetasuna errazteko eta gurasotasun-eredu positiboak garatzeko.

Helburu nagusiari jarraiki, sei azpi-helburu zehaztu dituzte: aita-amen moduan autoestimua hobetu, hezkuntza-gaitasunaren sentimendua areagotuz; seme-alaben eta gurasoen emozio eta sentimenduetan eragina duten faktoreak ezagutu; guraso eta seme-alaben arteko loturak indartu, komunikazioa hobetu eta familiako gatazkak murriztu, entzute-gaitasunak, gatazken irtenbide positiboak eta negoziaziorako eta erabakiak hartzeko gaitasunak garatuz; garapen pertsonala modu eraginkorrean estimulatu; jarrera eta diziplina arazoak prebenitzen ikasi; eta, gurasoentzako erronka suposatzen duten arazoak prebenitzen eta konpontzen ikasi (drogen kontsumoa, eskola porrota, etab.).

Horretarako, sei gai landuko dituzte:

  • Familiaren egitura: gurasoen hierarkia, azpisistemen arteko aliantza egokiak (aita-amen artean, seme-alaben artean)
  • Komunikazioa: entzute aktiboa, desberdintasuna onartzeko gaitasuna...
  • Gurasotasun positiboa: gurasoek ahaldundu
  • Bizikidetasuna: bikotekideen arteko desberdintasunak egoki kudeatu, seme-alabengan ahalik eta gutxien eragiteko
  • Lotura afektiboa: atxikimendua, lehentasunak, itxaropen zapuztuak, konfiantza galtzea...
  • Familia ahalduntzea: hutsegite-sentimenduak edo antzekoak gainditzeko oinarri gisa.

Halaber, prebentzio sailak programako hartzaile motak ere zehaztu ditu; hala nola: seme-alaben heziketan zailtasunak dituzten familiak, familia-sistemak berak dituen zailtasunengatik (bi guraso daudenean eta horietako batek eragiten ez duenean; guraso bakarreko familiak; dibortzio edo banatze prozesu korapilatsua; bizitzako gertakari estresagarriak bizitzea…); gurasoek erabiltzen dituzten heziketa-ereduengatik; edo seme-alaben hainbat eratako arazoengatik (arazoak eskolako egokitzapenean edo errendimenduan, portaeran; drogen kontsumo goiztiarrak, etab.).

Saioak

6-10 pertsona arteko taldeak eratuko dira; baten,  3-11 urte bitarteko seme-alabak dituztenak; eta beste batean, 12-16 urte bitarteko seme-alabak dituztenak. Taldeak, Irizar jauregiko Euskaldun berri gelan elkartuko dira, 3-11 urte bitarteko taldea, 15:00-16:30; eta 12-16 urte bitartekoa, 18:00-19:30.

Familiek hamar saio burutuko dituzte, urtarrila eta ekaina arten, honako egutegiaren arabera: urtarrilak 17 eta 31; otsailak 7 eta 28; martxoak 14 eta 28; apirilak 18; maiatzak 2 eta 16; eta ekainak 6.

Izen-ematea

2023ko abenduaren 5era arte, Gizarte Zerbitzuetan (943 77 91 21 – ongizatea@bergara.eus)

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak