Gabonetan egongo da izerdirik botako duenik; gaurtik hasita, gainera. Batetik, BKEko futbol sailekoek egunotan antolatuko dituzten bi torneoetako lehena jokatuko dute gaur, egubakoitza: Gabonetako Txapelketa, Alfredo Najera memoriala (Agorrosinen, 17:30). Bergara, Aretxabaleta, Reala eta Vasconia izango dira gaur zein baino zein gehiago.
Euskal Ligan liderrak dira
Hain zuzen, Aretxabaletaren eta Bergararen kasuan, gaur jokatuko duten partidua Gabon ostean izango duten derbirako atariko ederra izango da. Izan ere, gazte mailako Euskal Liga txapelketa zorrotzean bi talde horiek lider daude, puntu kopuru berbera eskuratuta (32). Eta urtarrilaren 15eko asteburuan elkarren kontra jokatuko dute, lehenengo itzuliko azken jardunaldia izango da. Hala, gaur, 17:30ean (Agorrosin) Bergarak eta Realak jokatuko dute; ordu berean, Ipintzan, Vasconia eta UDA izango dira aurrez aurre. Galtzen dutenek 18:30ean jokatuko dute hirugarren postuan sailkatzeko partidua, eta finala 19:30ean izango da. Sari banaketa, berriz, 20:30erako aurreikusten dute.
Emakumezko kadeteak 29an
Eta futbol sailekoek antolatuko duten beste torneoa izango da emakumezkoen kadete mailako selekzioen txapelketa: Agorrosinen, hilaren 29an. Eta hor, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako selekzioak izango dira zein baino zein gehiago (10:30).
Eskubaloi Eguna
BKEko eskubaloi sailekoak ere lagunartean batuko dira gaur, egubakoitza, Eskubaloi Eguna ospatzeko (19:00). Hala, taldeko beteranoek –gizonezko zein emakumezko– hitzordua dute Labegaraietan, eta asmoa da familia giroan lagunarteko partiduak jokatzea. "Etortzen den jendearen arabera partidu soilak edo hiruko torneoak antolatuko ditugu", adierazi dute klubetik. Hala, bertaratzeko asmoa daukatenei eskatu diete 18:30 aldera Labegaraietan egoteko.
Reyes Azkoitia txapelketa
Abenduaren 30ean, berriz, kategoria txikietako pilotariek Reyes Azkoitia txapelketako finalak izango dituzte (16:00). Auritz Retolaza, Lierni Nin, Aner Etxaniz, Oinatz Gallastegi, Amets Agirre, Inar Olano, Josu Rincon, Aratz Alberdi, Aitor Contreras, Harkaitz Ilarduia, Josu Lazpiur eta Haritz Etxabe sailkatu dira finaletarako.
Hiruko saskibaloia 30ean
Saskibaloi sailekoek hilaren 30erako antolatu dute hiruko saskibaloi txapelketa, eta Labegaraietan jokatuko dute torneoa. Alebin, benjamin, infantil eta kadete mailetako gazteei zuzenduta dago. Hala, hilaren 26ra arte egongo da izen-ematea zabalik, Labegaraietan eta Ipintzan jarriko dituzten kutxetan.