Donostian gainera, Bergaran ere eskainiko dute 'Bretxa' musikala

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko abe. 19a, 19:59

Bergara Antzerki Musikalak, Bergarako Musika Eskolarekin batera ekoiztu duen Bretxa musikaleko emanaldietarako –urtarrilaren 13an, 14an eta 15ean– sarrera guztiak agortu egin dira. Hala ere, musikala ikusteko aukera gehiago izango da, hain justu, Bergarako pilotalekuan, martxoaren 4an; abenduaren 21ean jarriko dituzte Seminarixoa.eus eta Seminarixoko leihatilan –20 eta 25 eurotan– sarrerak salgai .

Toti Martinez de Lezearen Bretxa eleberri historikoan oinarritutako formatu handiko musikala da Bergara Antzerki Musikala (BAM!) elkarteak egin duena, eta estreinaldirako hilabete baino gutxiago faltan, "pozik" daude publikoaren harrerarekin, dagoeneko Donostiako hiru emanaldietako sarrerak agortu egin dira eta. "Gure aurreikuspen guztiak gainditu ditugu, ez genuen halako erantzunik espero. Jende piloa geratu da sarrera erosi ezinik", dio Zuzendari eszeniko Valen Moñuxek. Partaide hartuko duten ikasle guztien ametsa bete dela gaineratu du kontatu du Bergarako Musika Eskolako zuzendari Marije Ugaldek: "Victoria Eugenia bezalako antzoki garrantzitsu bat beteta ikusiko dute hiru emanaldietan".

Musikalaren egile eta zuzendari Oihan Vegak ere eskerak eman dizkie Donostiako emanaldietarako sarrerak erosi dituztenei eta Bergarako emanaldirako gonbidapena egin du: "Gabon garaietarako opari aproposa da musikalerako sarrerak erregalatzea. Beti asmatuko duzu opari horrekin eta herriko kultura sustatuko duzu aldi berean. Emanaldi berezia izango da hori ere guretzat, gure jendearen aurrean eskainiko dugu eta".

Victoria Eugeniara autobusa, Bergaratik

Bergarako Udalak autobusa antolatu du emanaldi guztietarako; Seminarixoa.eus atarian edo Seminarixoko leihatilan eskura daitezke txartelak, bi eurotan. Autobuseko  txartela eta Victoria Eugeniako sarrerak erakutsi beharko zaizkio gidariari aurobusera igotzeko orduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak