Gabonetako kontzertuaren 42. aldia da aurtengoa eta Bergarako Musika Banda, Aritzeta Abesbatza, Bergarako Orkestra Sinfonikoa eta Bergarako Orfeoia eta Orfeoi Gaztea arduratuko dira bihar Udal Pilotalekua girotzeaz, 20:30ean hasita.
Talde bakoitzak hainbat pieza taularatuko ditu: Bandak Fate of the Gods eta Olentzero oporretan interpretatuko ditu; Aritzetak, berriz, Yo vengo ofrecer mi corazón, Casiopea, Axuri Beltza eta The Work of Christmas; eta Orkestra Sinfonikoak, Romeo eta Julieta eta Of the father's love begotten. Orfeoia eta Orfeoi Gaztea batera arituko dira Bizirik gaudelako eta Happy Xmas jotzeko, eta, ondoren, A Little Jazz Mass, Kyrie, Gloria eta Swingin' with the Saints abestuko ditu Orfeoiak.
Azkenik, emanaldia amaitzeko, Enrike Txurrukak moldatutako Karl Jenkinsen Tintinnabulum musikatuko dute parte-hartzaile guztiek Txurrukaren zuzendaritzapean.
Sarrerak www.seminarixoa.eus webgunean eros daitezke, zortzi eurotan.
Ikasleen eta txistularien txanda
Gaur, 18:30ean, Bergarako Musika Eskolako ikasleen Gabonetako kontzertua hartuko du Udal Pilotalekuak. Talde hauek hartuko dute parte: Suzuki taldeak; Musika eta Mugimendu Tailerreko ikasleek; Hasiberrien Abesbatzak; trikiti, pandero, perkusio eta dantza taldeek; Haurren Abesbatzak; eta Orkestra Sinfonikoak eta Gazte Bandak.
Talde bakoitzak interpretatuko dituen piezez gain, talde guztiak elkartuko dira Huntzaren Olatu bat jotzeko.
Bestalde, Bergarako Txistulari Bandaren Gabonetako kontzertua etzi, domekan, izango da, 13:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.