Protesta deitu du Xaxauk abenduaren 16rako, "Mozal Legearen kontra"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko abe. 12a, 16:44

Aurtengo sanmartinetako Xaxauren bazkaria, Munibe plazako txosnagunean.

Xaxau konpartsak elkarretaratzea deitu du abenduaren 16rako, plazan (20:00). Sanmartinetako zapatuan adostutako orduan txosnak itxi ez izanagatik udaltzainek "Mozal Legea" baliatuta konpartsako kide batzuei isunak jarri izana salatuko dute: "Ezin gara isilik geratu! Bergaran ere Mozal Legeari ezetz esaten diogu; halako egoera gatazkatsuak herrian bideratzeko tresnak badaude, herritarren eta eragileen askatasunak eta eskubideak errespetatuta".

Sanmartinetako zapatuan txosna beranduegi itxi izanak, Xaxauren arabera, 1.000 eurotik gorako kalte ekonomikoak eragin dizkie: "Mozal Legean jasotako arau-hauste larritzat jo dute, horrek dakartzan albo-ondorio eta kalte guztiekin. Lege horrek eskubide zibilak eta oinarrizko eskubideak urratzen ditu, poliziari botere osoa emanez. Izan ere, legeak poliziari ematen dio eskumena isuna jartzeko, epaileen esku-hartzerik gabe".

Horrez gain, gogora ekarri dute "herritik eta herriarendako" ekintzak antolatzen dituztela, eta gaineratu dute: "Izan Pentekosteetan edo izan sanmartinetan, aurten ere hori egiten saiatu gara, denontzat egitaraua antolatu eta txosnak ahalik eta luzaroen zabalik mantentzen. Horrek espero ez genituen ondorioak ekarri dizkigu. Bide hori irekita, Bergarako eragile sozial eta herritar guztiei ohartarazpena bidaltzen zaie, euren jarduera eta ekimena mugatu eta oztopatu nahian".

Udal Gobernua: "Lege honek halako gertaerak ahalbidetzen ditu"

Gertaeraren inguruan egiten duten irakurketaz galdetuta, Udal Gobernuak "Mozal Legea" delakoaren kontra dagoela argitu nahi izan du: "Lege horrek herritarren eskubideak murrizten ditu, ez dugu lege hori babesten. Lege honek halako gertaerak ahalbidetzen ditu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak