Agorrosin berriko estreinuan, 1-3 galdu du Bergarak Zumaiakoren aurka

Imanol Beloki Unamuno 2022ko abe. 10a, 20:15

Bergarak Zumaiako taldea izan du aurkari Agorrosin futbol zelai berrian. Harmailak beteta izan dira Gizonezkoen Erregional Ohorezko Mailako futbol partidua ikusteko, baina, esperotako estreinuan ezin izan dute punturik batu. 1-3 galdu dute norgehiagoka, eta, beraz, sailkapeneko putzuan jarraitzen dute UDArekin eta Mondrarekin batera.

Etxeko taldea galtzen hasi da partidua, penalti baten ondorioz jaso duten golarengatik, baina, joko aldetik parekatuta aritu dira, gero, bi taldeak, eta, atsedenaldira iritsi aurretik 1-1 jarri da Bergara eta Zumaiakoren arteko markagailua, nahiz-eta, 45 minutuak iritsi aurretik iritsi den kanpokoen bigarren gola; 1-2. Atsedenaldiaren ostean, bigarren zatian, beste gol bat jaso dute, eta 1-3 amaitu da lehia.

Gol bakarra, ez da nahikoa izan

Oier Ugalde Bergarako jokalariak adierazi duenez, denboraldi honetako bideari norabide aldaketa bat eman beharrean daude; eta beraz puntuak batzen hasi: "Giro ederra izan da Agorrosinen, baina, taldea ez da ondo aritu. Emaitza txarra izan da, beste behin. Oier Jauregik sartu du gol bakarrra, kornerreko estrategiazko jokaldi batean, baina ez da nahiko izan. Aurkariek merezita irabazi dute. Berdegune berria iristeko zain egon gara, eta, jokatzeko motibatuta geunden. Hala ere, ohitzen ari gara, aste honetan hiru entrenamendu egin ditugu, soilik, eta, igartzen dira aldaketak. Zelaia luzeagoa eta zabalagoa da, gure zelaia da, beraz, bertara azkar egokitzea komeni zaigu".

Aloña Mendik galdu, Eibarren aurka

Maila honetako bailarako taldeen artean, oñatiarrak dira sailkapenean gorago daudenak. Hala ere, Eibarren aurka ezin izan dute irabazi. Bergararren moduan, hiru gol jaso dituzte, eta, Aloña Mendi taldekoek, berriz, bakarra sartu dute.

Mondrak lehenengo garaipena

Mondrak, berriz, 1 eta 0 garaitu du Tolosa, etxean jokatutako partiduan, 22. minutuan, Iñigo Arizmendiarrietak sartutako golari esker. Denboraldi honetan, arrasatearren lehenengo garaipena da honakoa; lau berdinketa lortu ditu oraingoz, eta beste guztiak galdu, beraz, jardunaldi honetan, pozik egoteko moduan daude hiru puntu eskuratuta.

UDAk 4-2 garaitu du Vasconia

UDAk Vasconiaren aurka jokatu du partidua, etxean, eta 4-2 irabazi dute aretxabaletarrek donostiarren aurkako neurketa. Gizonezkoen Erregional Ohorezko Mailako hamalaugarren jardunaldiko partidua, lehenengo zatian erabaki da Ibarra futbol zelaian izan den gol festarekin. Atsedenaldira 3-1 joan dira, eta, bigarren zatian,izan diren golekin 4-2 amaitu da partidua.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak