Espainiako gerra ondorenetik trantsiziora arte euskarak Bergaran izan duen bilakaera aztertzen da erakusketan. Hala, 1940 eta 1980 urte tartean euskara gorde eta zabaldu dutenen lana identifikatu, aitortu eta ezagutzera eman nahi da. Hainbat dokumentu idatzi eta argazki baliatu dira erakusketarako, tartean Bergarako udal artxiboko funtsak eta baita herritarrek egindako ekarpenak ere. Hala nola, aldizkari, liburu, kasete, eskultura eta abar.
Protagonisten ahotsen bilketa zabal bat ere egin da, gerraostetik 80ko hamarkadara bitarte euskalgintzan jardundakoen testigantzen bidez euskararen historia soziala osatzeko helburuarekin. Guztira 26 elkarrizketa egin dituzte eta horiekin osatutako ikus-entzunezkoa ikusgai jarri dute Aroztegin. Gainera, atzoko ekitaldian, errekonozimendu xumea egin zitzaien horiei guztiei.
Egitasmo zabalago baten hasiera izan gura du atal honek eta hala, antolatzaileek azaldu zuten, pozik hartuko dituztela herritarrek izan ditzaketen era guztietako ekarpenak.