Gipuzkoak irabazi du Bergara Hiria eskubaloi txapelketa

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko abe. 8a, 17:15

Debagoiena eta Gipuzkoa elkarren kontra, txapelketako lehen partiduan.

Kadete mailako eskubaloiko Debagoieneko, Gipuzkoako eta Errioxako selekzioak lehiatu dira goizean Labegaraieta kiroldegiko kantxan. Bailarako taldea pozik agertu da egindako lanarekin.

Bergarako Labegaraieta kiroldegian jokatu dute goizean eskubaloiko Bergara Hiria txapelketa, kadete mailakoa. Eta bailarako taldeak irabazi du lehen partidua. "Oso pozik nago. Lehen txapelketa izan da talde honetako entrenatzaile moduan, eta ondo ibili garela ikusi dut. Bigarren partidua ere, Errioxaren kontrakoa, puntu bakarragatik galdu dugu eta egindako lanarekin oso gustura nago, pozik. Oso ondo jokatu dute neskek, kontutan hartuta, gainera, ez ditugula entrenamendu asko egin", adierazi du partidu bien ostean Debagoiena selekzioko entrenatzaileak, Mikel Burguera Luengo urretxuarrak. 

Arrasateko, Oñatiko eta Bergarako eskubaloi taldeko jokalariek osatzen dute Debagoienako taldea eta eurak ere pozik zeuden egindako partiduekin. Bi partiduak jarraian jokatzeak nekea ekarri dietela onartu dute hala ere, bigarren partiduan minutu batzuk gehiago jokatzeko gogoa adierazi dute, "horrela izanez gero akaso irabazi egingo genukeen hori ere".

Lehen partidua, Gipuzkoaren kontrakoa, puntu bakarragatik irabazi dute (18-17), eta bigarrena, Errioxaren aurka, bakarragatik galdu (17-18). "Errioxa Espainiako txapelketa ari da prestatzen eta hor garbi ikusi da jokoa beste bat izan dela", zioen Burgerak.

Azken partidua Gipuzkoa eta Errioxaren artekoa izan da. Irabazten heldu da atsedenaldira Gipuzkoa, eta aldea gero eta handiagoa izan da bigarren partidua jokatu ahala (21-11). Beste talde biek ez bezala, partidu biak ez ditu segidan jokatu Gipuzkoak eta horrek atseden hartzeko baino motibatzeko balio izan diola adierazi du taldeko jokalari batek.

Hogei minutuko bi zati izan dituzte hiru partiduek eta lehiakorrak izan dira hirurak. Talde bakoitzak partidu bana irabazi du eta azkenean, hasierako faboritoak, Gipuzkoak, irabazi du emakume kadeteen aurtengo Bergara Hiria eskubaloi txapelketa, gol gehien sartuta. Nagore Iñurrategi eta Zihortza Marzan udal zinegotzien eskutik jaso ditu sariak talde irabazleak.

Gaur jai eguna izanik, lo egiteko plana alde batera utzi eta eskubaloian jokatzera etorri dira gaztetxoak baina ondo ibili direla adierazi dute amaieran. Horrelako txapelketek duten garrantzia azpimarratu dute Debagoieneko zein Gipuzkoako hautatzaileek. Euren esanetan oso aberasgarria da, talde berria sortzen delako beste talde batzuetako jokalariekin, horrek lagun eta esperientzia berriak izaten laguntzen dielarik.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak