Valentziako maratoia (Herrialde Katalanak) egin zuen atzo Andoni Gomez korrikalari bergararrak, eta helburua lortu duela azaldu du: "Beti nuen kezka ea erdietsi ahalko nuen ala ez, baina lortu dut bi ordu eta 28 minututik jaistea; hori lortuta, gustura nago". Izan ere, 21.838 parte hartzaile zeuden, eta 203.postua eskuratu zuen 2.26,02ko denbora eginda.
Gainera, ez da nolanahiko maratoia, herrialde ezberdinetatik joandako korrikalariek hartzen baitute parte. "Oso laua da, ez dago aldapa txiki bat ere eta klimak lagundu egiten du. Horregatik joaten da jendea. Maila altuko lasterketa bat bihurtu da, eta aurrerantzean gero eta maila hobea egongo da". Beraz, halako korrikalarien artean postu hori eskuratzeak poztu egiten du Gomez. "Sekulako maila zegoen".
Hurrengo helmuga: Sevilla
Lehen aldiz hartu du Valentziako maratoian parte Gomezek, eta aurretik beste bi egin ditu. Iaz, Donostiakoan hartu zuen parte, eta aurtengo maiatzean, Bartzelonan egon da. "Maratoi honi begira, berriz, urte osoa daramat entrenatzen. Udaran erritmoa bajatu nuen, baina bukaerarako berriz hasi nintzen entrenamendu espezifikoa egiten"
Hala, bizpahiru astez deskantsatu ostean, Gomezek asmo du Sevillan (Espainia) egingo denerako entrenatzean jarraitzea. Otsailaren 19an egingo da. "Espero dut sasoian egotea. Motibatuta nago. Pixka bat bertigoa ere ematen du, asko entrenatu behar delako, eta denetik gertatzen da. Dena den, behin bertigo hori kenduta, animatuta nago".