Mahai jokoak dira protagonista asteburu honetan Bergarako Kartzela Zaharrean, Maijoku elkarteak hainbat ekintza antolatu baititu bi egunetarako.
Gaur, ohitura den legez, neguko txapelketa egin dute, eta Magic: the gathering jokoa hautatu dute horretarako. Hodei Agirre Maijoku elkarteko kidea izan da parte hartzaileetako bat, eta azaldu duenez, guztira zortzi pertsona bildu dira arratsaldeko ekintzan. Hala ere, biharko deialdiaz ere aritu da.
Izan ere, mahai jokoak herritarrei gerturatzeko ate irekiak antolatu dituzte Kartzela Zaharrean, 16:30etatik 20:30ak bitartera arte, gutxi gorabehera. "Gure publiko printzipala, batik bat, haurrena da, euren artean mahai jokoak sustatzeko, eta familiak gerturatzen dira gehien bat". Dena den, nabarmendu du 8 urtetik hasi eta adin guztietarako jokoak dituztela, eta beraz, bertaratzeko deia egin du.