Bergarako Udalak Kirol Zerbitzuko ohorezko abonatu txartela sortuko du

Koldo Zubia Salas 2022ko aza. 28a, 11:59

Herritarrek kirolaren alde egiten duten edo egin izan duten lana eskertzeko helburuarekin sortuko dute txartela. Horregatik, Udalak hautagaiak proposatzeko sistema ezarri du. Edozein herritar edota entitatek egin ahal izango du proposamena, abenduaren 2ra arte. Bergarako kirolean egiten den ekarpena baloratuko dute txartela nork jasoko duen erabakitzeko orduan.

Bergarako Udalak, hainbat herritarrek kirolaren alde egiten duten edo egin izan duten lana eskertzeko edota kirol arloan lortutako emaitzak saritzeko, Bergarako Kirol Zerbitzuko ohorezko abonatu txartela martxan jarriko du. Txartela lortu ahal izateko proposamenak abenduaren 2rako aurkeztu behar dira.

Ohorezko txartela proposatu eta erabakitzeko, Bergarako kirolean egiten den ekarpena baloratuko da: kirolari, talde, entrenatzaile, zuzendaritzako kide, sustatzaile, epaile... Bestetik, sariak emateko orduan kontuan hartuko dira beste alor batzuk: merituak, emandako denbora, inklusibitatea, kirol aniztasuna, generoa, adina, kirol modalitateak, kirol egokitua...

Proposamenak edozein herritarrek edota entitatek aurkeztu ahal du eta Udalak ere proposamenak egin ahal izango ditu. Beranduenez, abenduaren 2an aurkeztu beharko dira proposamenak, BAZean, Agorrosinen eta Udalaren web bidez. Bertan, hautagaiaren izen abizenak edo taldearen izena, kirol modalitatea eta maila zehaztu behar dira, egindako merituen azalpena, argazkia, komunikabideetan argitaratutako informazioa...

Proposamenak modu egokian aurkezten dutenen artean hiru hilabeterako pertsona batentzako abonamendu oso bat zozketatuko dute. Herritarren batzordean edo kirol gaiak aztertzen diren batzordean erabakiko da ohorezko txartelarekin saritutako pertsonen zerrenda. Ohorezko txartelaren jabeak urte osorako banakako abonamendu osoa dohainik izango du. Urtean, salbuespenak salbuespen, gehienez horrelako bost txartela banatuko dituzte. Urtero, abenduan erabakiko dute zeintzuk izango diren hurrengo urteko txartelarekin sarituak eta pertsona batek ezin izango du urtebete baino gehiagoan ohorezko txartela lortu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak