Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela-eta, mobilizazioak egingo dituzte gaur Bergaran. Lehena 19:00etan izango da, San Martin Agirre plazan. Kale ekintza bat egingo du Martxanterak taldeak, eta "indarkeria instituzional guztiei aurre egitea" izango du asmo, beste urte batez, espazio publikoa hartuta eta ekintza politiko-artistiko bat eginda.
Azaldu dutenez, bailarako mugimendu feministako kolektiboekin batera adostutako gaia da landuko dutena, eta "suaren sinbolismoa eta potentzialtasuna" izango dute lagun euren aldarriari eusteko. "Sistema patriarkal, arrazista eta kapitalistan sostengatzen diren instituzioen indarkeriak seinalatuko dira". Eta horretarako, ondoan izango dute Candem Dance eskolako dantza taldea ere, bertako kideen ikuskizunarekin amaituko baita ekintza.
Salaketaz gain, ordea, emakumeek jasaten duten bortizkeriari aurre egiteko antolakuntzaren eta elkar babestearen beharra ere azpimarratuko dute.
Hala, ez dira ekintza batera mugatuko, Bergarako Berdintasun Kontseiluarekin, Udalarekin eta Duintasuna taldearekin batera egitaraua antolatu baitute: hilaren 28an, emakume helduekiko indarkeria salatzeko elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan; eta abenduaren 15ean, Nerea Barlojak Sexu izuaren eraikuntza hitzaldia egingo du UNEDen.
Udalaren adierazpena
Udalak, beraz, bat egin du ekintza horiekin. Adierazpen instituzionala onartu du Bozeramaileen batzordeak, eta asteleheneko osoko bilkuran berretsiko du udalbatzak. Sei konpromiso hartu ditu, guztira, eta lehena da "emakumeei espazio publikoa ukatzeko modu anitzak" ezagutzea, tokiko politiken diseinuan eta garapenean kontuan hartzeko. Horretarako, inbertsioak sustatuko ditu.
Itaiaren mobilizazioa
Deba bailarako Itaiak ere mobilizazioa egingo du San Martin plazan, Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki lelopean, 20:00etan. Uste du "beharrezkoa" dela "indarkeria matxista normalizatzen eta sostengatzen duen gizarte kapitalista gainditzea" eta, era horretan, "hori helburu duen antolakuntza sozialista eraikitzea". Hala, "emakume langileen babeserako zein erasotzaileei aurre egiteko eraginkorrak izango diren baliabideak" sortzen eta garatzen jarraituko dute.