Bosgarren garaipenaren bila Irazolaren mutilak

Xabier Urtzelai 2022ko aza. 25a, 18:00

Bosteko Irauliren kontrako artxibo irudia, Labegaraietan.

Senior mailako Soraluce BKE saskibaloi taldeak ez zuen liga hasiera erregularra egin. Baina Xabat Irazolaren mutilek neurria hartu diote txapelketari eta azken lau partiduak jarraian irabazi dituzte. Sailkapeneko hirugarren postuan daude jada.

Soraluce BKE saskibaloi taldea bolada onean da. Lau partidu irabazi dituzte jarraian, eta, horri esker, ligako oilarren multzoan sartu dira. "Eta gutxien espero genuen momentuan etorri da bolada on hori, egia esateko. Berez, jokalari gutxi ditugu taldean, bederatzi lagun gara, eta, gainera, hainbat jokalarik min hartu dute eta badirudi denbora beharko dutela errekuperatzeko", adierazi du taldean jokalari eta entrenatzaile jarduten duen Xabat Irazolak.

Irazolak aitortu duenez, denbora batez entrenatzaile lanetan ibili beharko du buru-belarri: "Belaunean hartu dut min; Borja Elkoroberezibar ere lesionatuta dago, eta jokalari garrantzitsua da guretako. Zorionez, baina, gainontzekoak oso ondo erantzuten ari dira, eta nabarmentzekoa da hutsune horiek betetzeko juniorrek eta hirugarren mailako senior taldekoek egin duten ekarpena; eskertzekoa da guri laguntzeko izan duten jarrera. Liga hasieran, mailari eustea zen helburua, baina, konturatu orduko, gora begira jarri gara".

Etxean indartsu

Hori da Bergarakoen helburua, Labegaraietan indartsu egotea: "Eta helburu horrekin hasi genuen liga, taldeek puntu gutxi eskura zezatela gure kantxan, baina hori esatearekin batera etxeko lehenengo bi partiduak galdu egin genituen". Kanpoko biak, baina, irabazi egin zituzten, eta ondoren etorri da bolada ona. Hala, etxean jarraian jokatutako azken bi partiduak Loiolaren kontra eta Atletico San Sebastianen kontra irabazi eta gero, hurrengo bi hitzorduak kanpoan dituzte. Biharko kontrario Donosti Dolphins bigarren dago sailkapenean (18:00, Benta Berri): "Urtero aurrealdean egoten den talde horietako bat da; ea irabazten diegun".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak