Musika elektronikoaren askotariko aurpegiak Kartzela Zaharrean

Txomin Madina Milikua 2022ko aza. 20a, 20:02

Txapa Irratiko Haus of beats saioaren zazpigarren urteurrenaren harira, festa egin zuten atzo Bergarako Gaztetxean. Musika elektronikoa izan zen bertan protagonista eta argi geratu zen etiketa horren azpian askotariko adarrak daudela.

Astelehenero 20:00etatik 21:00etara Txapa Irratian entzun daitekeen Haus of beats saioak zazpi urte bete dituela eta, musika elektronikoak hartu zuen atzo Bergarako Kartzela Zaharra. “Hasiera batean bosgarren urteurrena ospatzeko asmoa genuen, baina pandemia etorri zen, eta…”, dio irratsaioan parte hartzen duen Asier Balztategi, Balzak.

Eta horretarako, bi zati nabarmen izan zituen festa antolatu zuten atzorako. Arratsaldean, Massa Confusa donostiarraren eta Amsia azkoitiarraren –bigarrena, bideoan– emanaldiak izan ziren, antolatzaileen esanetan, “musika esperimentalagoa”. Gero etorri zen “klub gauan”, bestalde A-Tweed italiarrak eta irratsaioa egiten duten hiru kideak, hau da, Balza bera, Keep_a eta Budak jarri zuten musika.

Festak, jende kopuru aldetik, erantzun ona izan zuela diote antolatzaileek: “Arratsaldean musika esperimentala eta arriskutsuagoa izanda eta Bergaran kintada asko zeudela ikusita, uste baino jende gehiago etorri zen. Gauean aldiz, espero baino gutxixeago. Jende kopuru aldetik, bikaina izan da”. Zazpigarren urteurrena ospatuta ere, saioarekin jarraitzeko asmoa adierazi dute Haus of beats-ekoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak