Musikaren zaindaria zuzenekoekin omenduko dute Bergaran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko aza. 18a, 10:24

Orkestra Sinfonikoaren Santa Zeziliaren omenezko kontzertua, azaroaren 12an.

Azaroaren 22ko Santa Zezilia eguna ospatzeko ekintzak izango dira datozen egunotan Bergaran, Txistulari Bandaren, Musika Eskolaren eta aurten 190 urte bete dituen Bandaren eskutik; Orkestra Sinfonikoak hilaren 12an eman zuen musikarien zaindaria omentzeko kontzertua –argazkian–.

Azaroaren 22a da Santa Zezilia eguna, musikarien zaindariaren eguna. Egun bereziaren bueltako ekitaldiak joan den asteburuan hasi ziren; horren adibide da Orkestra Sinfonikoak Mariaren Lagundiko elizan eman zuen kontzertua. Eliza bete egin zen, eta txiki gelditu ere bai; izan ere, asko izan ziren kontzertua entzutera bertaratu zirenak. Bandako zuzendari ere baden Enrike Txurrukaren zuzendaritzapean, Christoph Willibald Gluck-en Alcerte, Jesus Guridi maisuaren hiru obra, Aram Khatchaturianen Adagioa, Txurrukak berak moldatutako Hiru suediar polska eta Leroy Andersonen Blue Tango piezak eskaini zituen Orkestrak.

Banda: 190. urteurrenari keinua

Musika Bandak ere ez du hutsik egingo Santa Zezilia omentzeko hitzorduarekin. Kontzertua domekan izango da, frontoian (12:30); sarrera doakoa izango da. Eguraldiak laguntzen badu, kalejira egingo dute kontzertuaren aurretik (11:00). Gaur egun aktibo jarraitzen duen Bergarako eragile zaharrena da Banda, 2022an 190 urte beteko ditu-eta hari buruzko lehen idatziak –1832an sortu zen Udal Musika Banda–. "Ordutik, etenik gabeko bidea izan du. Ez dugu ospakizun berezirik antolatu, baina urteko kontzertu berezienean urteurrenari keinu txiki egingo diogu. Hala, kontzertua Alfredo Gonzalez Chirlaqueren 1832 obrarekin hasiko dugu, 2007an 175. urteurrena ospatzeko konposatu zuena. Historian zehar Bandaren ibilbidea islatzen du obrak: fanfarre biziak, urteurrenaren poza; martxak, bandek kalean izan duten presentzia; eta bukaerako dantzagarriak, historian zehar bandek izan duten beste eginkizun garrantzitsuenetako bat izan zena", aurreratu du Txurrukak.

Hau izango da egitaraua: Ernesto Perez Rosilloren La granjera de Arles; Jan de Haan-en Music for a solemnity; Brian Balmages-en Three Celtic Dances; eta, amaitzeko, Victoriano Valenciaren Porro.

Txurrukak piezen deskribapen labur bat egin du: "Rosillo maisuaren zarzuela oso ohikoa da banden errepertorioan, baina zarzueletan nahiko ezohikoa da; Provenzako (Frantzia) doinuetan dago oinarritua. Jan de Haanen pieza aproposa da domekarako, ospakizun musika baita. Hurrengo pieza koloretsua eta bizia izango da eta azkenak, berriz, Karibeko erritmo dantzagarriak ekarriko ditu".

Musika Bandaren aurretik, Txistulari Bandak Santa Zeziliaren omenezko kalejira egingo du, San Martin plazatik abiatuta (11:00).

Musika Eskolak, hilaren 24an

Bestalde, Musika Eskolak azaroaren 24an ospatuko du Santa Zezilia. Hain zuzen ere, Gazte Banda kalejiran irtengo da eskolatik plazara (17:30), ikasleekin batera; Mizpirualde egoitzaren atarian geldialdia egin eta pare bat pieza joko dituzte. Trikitilariak eta dantzariak ere arituko dira kalejiran, eta gero, denak elkartuko dira plazan. Bertan, Musika Tailerreko, Dantzako, abesbatzetako eta Hizkuntza Musikaleko ikasleek, Gazte Bandak lagunduta, abesti batzuk kantatuko dituzte. "Euskaraldia dela eta, Ahobizi eta Belarriprest gurekin izango ditugu kalejiran eta baita plazan bertan ere, eta denok elkarrekin Euskal Herrian euskaraz jo eta abestuko dugu", gaineratu dute.

Gainera, azaroaren 21etik 27ra Kultura Astea ospatuko dute Mizpirualden, Musika Eskolako ikasleen parte hartzearekin: hilaren 21ean, hari-taldeak joko du; hilaren 22an, Hasiberrien Abesbatza izango dute; eta hilaren 23an, trikiti, pandero eta gitarra ikasleen txanda izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak