Bergarako Udalak disko bat grabatu nahi du herriko musikarien laguntzarekin

Koldo Zubia Salas 2022ko aza. 16a, 13:05

Herrian musika talde asko daudenez, talde bakoitzaren kanta bana grabatuz egin nahi dute diskoa. Ekimen hori egin nahi dute, batetik, kantuak etorkizunerako gordetzeko aukera izateko eta, bestetik, talde hasiberrientzat estudio baten funtzionamendua ulertzeko edo aurkezpen modura ere balio dezakeen helburuarekin. Antolatzen hasteko, zenbat taldek hartuko luketen parte jakin nahi dute, eta interesa duten musika talde eta bakarlariak parte hartzera gonbidatu dituzte.

Bergarako kultur sorkuntza, oro har, aberatsa da, eta musika arloa ez da salbuespena. Musika talde asko daude herrian une honetan, eta Bergarako Udalak herriko musika taldeen disko bat grabatu nahi du. Herritarren batzordeko lehendakari Ekaitz Aranberriren esanetan: "Talde pila bat daude, mugimendua dago une honetan, eta hori etorkizunerako gorde nahiko genuke". Lan berriak sortzeko bultzada ematea ere badu helburu ekimenak. Aranberrik gaineratu duenez, diskoa grabatzeko proposamen honek "talde hasiberriek estudioa ezagut dezaten lagunduko du; zelan egiten den lan, esperientzia hartzea... Gainera, aurkezpen modura erabili ahal izango dute grabatutako kantua”. 

Antolatzen hasi ahal izateko, Udalak jakin nahi du zenbat talde egongo liratekeen prest, eta, horretarako, galdetegia betetzeko eskatu die interesa izan dezaketen musika talde zein bakarlari hasiberriei, azaroaren 27a baino lehen. Galdetegia betez interesa agertzeak ez ditu taldeak lotuko abestia grabatzera; lehen pauso horrekin, Udalaren asmoa da musikariek duten interesa ezagutzea. Talde edo bakarlari bakoitzeko kanta bat grabatuko da.

Hauek dira parte hartuko duten taldeek hasiera batean bete beharreko baldintzak –aldaketak egon daitezke ekimena garatzeko orduan–: 

  • Grabatuko den abestiak originala izan beharko du eta aurretik argitaratu gabea.
  • Musika taldeak gaur egun martxan egon beharko du –kontzertuak ematen edo entseatzen, abestiak egiten...–.
  • Abestien hitzak ez dira izango kolektibo zaurgarri edo norbanakoentzat iraingarriak.
  • Grabazio estudioak ezarritako baldintzak bete beharko dira: adostutako ordutegiak errespetatu, beharrezko materiala eraman...
  • Taldeek behar besteko profesionaltasuna eta prestutasuna adierazi beharko dute grabazioa egiteko –abestia ondo prestatuta eraman, taldekideen asistentzia bermatzeko grabazio ordutegietara moldatzen saiatu...–.
  • Taldekideen erdiek, gutxienez, bergararrak izan beharko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak