Andoni Mujika: "Pozik nago; kudoan parte hartu dudan lehen txapelketa izan da"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko aza. 11a, 12:33

Joxean Iñarra eta Andoni Mujika Italiako Nazioareko Kudo Openean. (argazkia: J.I.)

Urriaren 29an jokatu zen, Erroman, Italiako Nazioarteko Kudo Opena, eta bergararra Espainiako selekzioarekin aritu zen. Bigarren postua eskuratu zuen 260 azpikoetan; puntu bateko aldea atera zion txapelketa irabazi zuen Frantziako selekzioko txetxeniar kudokak.

12 urte zituela hasi zen karatean Joxean Iñarra entrenatzailearekin Bergaran. Beste modalitate batzuk probatzeko gogoa jarri zitzaion, eta unibertsitateko praktikak Bartzelonara joan zenean ezagutu zuen kudoa. Bergaran jarraitu zuen entrenamenduekin eta urriaren 29an, bigarren sailkatu zen Italiako Nazioarteko Kudo Openean.

Garaipena eskura izan duzu. Nola sentitzen zara?

Oso gustura nago. Azkenean, kudoan parte hartu dudan lehenengo txapelketa izan da.

Podiumera igoko zinela uste zenuen?

Ez nintzen ideia horrekin joan, ez bainekien ze maila aurkituko nuen. Lehenengo borrokaren ostean ikusi nuen aukerak banituela. Bigarrena ere irabazi egin nuen. Hirugarrena finalekoa izan zen, eta berdindu egin genuen. Hortaz, beste asalto bat egin genuen. Azken horretan, epailearen erabakia izan zen eta puntu batengatik galdu nuen.

Ze sentsaziorekin itzuli zara Erromatik?

Pozik, entrenatzen jarraitzeko gogoarekin, baina minduta ere bai kolpeengatik, hanketan babesik gabe lehiatu baikara. Beraz, aurrera begira ea txapelketa gehiago ateratzen diren, entrenatu eta emaitzak hobetzen jarraitzen dudan.

Nola deskribatuko zenuke kudoa?

Arte martzial osoa da. Besteak beste, eskuak, ukondoak eta burua erabil ditzakezu kolpeak emateko. Hankekin lurrera bota dezakezu arerioa, lurrean jo eta giltzak egin...

Esku artean baduzu txapelketarik?

Kudoa nahiko berria da, eta ez daude txapelketa asko. Espainian aurten edo datorren urtean antolatzekoak dira eta maiatzean Munduko Txapelketa jokatuko da Japonian. Karatea, jiu jitsua eta MMA ere egiten ditudanez, txapelketaren bat ateratzen bada, parte hartuko dut entrenamendu modura.

Munduko Txapelketan izango zara?

Urte eta erdi falta da eta berri ofizialik ez daukagu. Espainia mailan kluben arteko entrenamendu eta topaketa bateratuak egiten ditugu. Hortaz aparte, hautatzaileak lana jartzen joaten da, gero, gure gimnasioan entrenatu dezagun eta bideoak ere eskatzen dizkigu. Hortik egiten du aukeraketa entrenatzaileak.

Nolatan kudoka?

12 urterekin karaten hasi nintzen. Joxean Iñarra entrenatzailea gurasoen kuadrillakoa zen eta harekin hasi nintzen. Lagun bat eta biok modalitate ezberdinak probatzen hasi ginen. Unibertsitateko praktikak egitera Bartzelonara joan nintzen. Momentu hartan kudo Bartzelonan zegoen bakarrik. Joxean hango gimnasioarekin jarri zen harremanetan eta han hasi nintzen entrenatzen. Asko gustatu zitzaidan eta entrenatzailearekin ere erlazio ona egin genuen. Horrela, haren baimenarekin, Bergaran eskaintzen hasi ginen kudo, Shotokan KEn.

Bergaran entrenatzen duzu?

Bergaran eta Gernikak entrenatzen dut normalean. Bergaran kudoa eta MMA egiten ditut eta Gernikak jiu jitsua. Egia da hemen ere alde batetik bestera ibiltzen garela entrenatzen. Gero, esan bezala, estatuko mailan egiten diren entrenamendu bateratuetan ere izaten naiz. Laster, Andaluziara eta Zaragozara joango gara.

Andoni Mujika podiumean bigarren postuan, Italiako Nazioarteko Kudo Openean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak