Egitarau betearekin dator 'Movember Gara'

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko aza. 11a, 09:11

Pandemiako osasun neurriek baldintzatuta egin zuten enkartea, iaz. (Argazkia: GOIENA).

Barrabiletako minbizia ikusarazteko, 'spinning-rock'-a, osasun mentalaren gaineko hitzaldia, Debagoieneko topaketa, enkantea eta bibote mozketa egingo dituzte, besteak beste, azaroan; ekimenean jasotako dirua CIC Biogunera bideratuko dute.

Prostata eta barrabiletako minbizia azaleratzeko Movember olatuan murgildu da aurten ere Bergara, eta azaroan hainbat jarduera egingo dituzte, gaurtik azaroaren 26ra, Movember Gara ekimenaren eskutik. Antolatzaileek adierazi dutenez, helburua "gaixotasunaz sentsibilizatzea da, eta ahalik eta azkarren detektatzea. Gizonezkoek 45 urte betetzean barrabiletako azterketan egin dezaten nahi dugu, ez 55ekin; ahal den heinean, atzemate goiztiarra egiteko".

Antolatzeko elkartu diren egunak "terapeutikoak" izan direla dio antolatzaile taldeko Unai Azkaratek, bilera horietan gaixotasunaren bueltako bizipenak elkarbanatu baitituzte zenbait kidek. Gizonezkoak bibotea uztera animatu ditu: "Nahi duena etor daiteke. Geroz eta jende gehiagok uzten du bibotea, baina oraindik ere askok mozten dute, barregarri daudelakoan".

Egitarau indartsua

Iaz egitaraua pandemiak baldintzatu bazuen ere, Azkaratek adierazi du "programa indartsuagoa eta zabalagoa" antolatu dutela aurten. Gaixotasunaren gainean sentsibilizatzeko kanpainaren baitan, Itsasne Gallastegi Agifeseko psikologoak hitzaldia egingo du hilaren 16an, 18:30ean, Irizar jauregian. Zenbait jarraibide emango ditu, minbizia duten pertsonek eta haien senideek prozesuari nola heldu jakin dezaten. Halaber, Islabat taldeak kontzertua emango du Venti jatetxean hilaren 18an; azaroaren 24an, aldiz, bertso saioa izango da: "Pol-Pol eta Eruan inguruan inguruan egingo da, pintxo-potea girotzeko".

Kirolak presentzia handia du jardueretan, gaixotasuna ikusarazteaz aparte, kirola egitera animatu nahi baitituzte herritarrak antolatzaileek: "Movember guretzat bada ariketa fisikoak gure gorputzari on egiten diola erakusteko modua ere. Eguraldi txarra dator, eta kirolik egiten ez duena etxeko sofan eserita geratzen da". Gaur, esaterako, aurreko edizioetan bezala, spinning-rock egingo da, 19:00etan, Agorrosinen. Azkaiter Pelox seikotearen musika erritmora astinduko dituzte pedalak parte-hartzaileek.

Azaroaren 19an, berriz, Bergarako, Arrasateko, Oñatiko eta Antzuolako Movember ekimenek bat egingo dute Elorregin: "Denok paseoan joango gara eta bidegorriari erabilera emango diogu; oinez, bizikletan edota patinetan joaten gara". Hori ere urtero egin ohi dute, eta oroitzapen polita du Azkaratek: "Aire zabalean egiten da, eta oso ondo egon ginen. DJ Menezek musika jarriko du eta Sanprubusa ere bertan egongo da".

Azaroaren 26an, mendi buelta egingo dute, enkantearen eta bibote mozketaren aurretik. Pepelu eta Diego Valor ile-apaintzaileen laguntza izango dute, zuzeneko musika lagun: "Garbitasun neurriak ere hartzen ditugu, noski. Alkohol purua egoten da bizarra kentzekoak eta bizar-xaflak desinfektatzeko".

Bildutako dira, CIC Biogunera

Hasiera batean enkantean eta egitasmoan bildutako dirua Movember Fundaziora bidaltzen bazuten ere, azken urteetan CIC Biogunera bideratu da: "Antolatzen dugun ekimena herri mailako zerbait denez, Euskal Herriko CIC Biogunera bideratzea erabaki genuen, Arkaitz Carracedorekin hitz egin ostean".

Enkantearekin batera dirua lortzeko, zozketako billeteak eta kamisetak salduko dituzte ostegunero Irala kalean. Kamisetak 12 eurotan eskuratu daitezke; txartelak, aldiz, euro baten truke. Mendiko material teknikoa, Eruan jatetxean otordua eta Gorka harategiak emandako saskia zozkatuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak