Bergarako EAJk gogora ekarri du EAJ osatzen duten kideen helburua dela "egoera txarrenetan ere, bizikidetza demokratikoan eta giza eskubideen eta bakearen defentsan oinarritutako gizartea eraikitzea".
Iraganera begiratzearen garrantzia azpimarratu du EAJk, etorkizunera begiratzeko: "Aurrera egiteko, iragana ezagutu eta bakearen alde lan egin behar da. Alegia, iraganera begiratu beharra dugu, iragana baita gure orainaren zatia; eta, era berean, orain egindakoak eta erabakitakoak izango dira gure etorkizuneko ikaskuntza".
Horretarako lanean ari direla azpimarratu dute: "Ikuspegi etiko baten alde lan egiten jarraitzen dugu; giza duintasunean, errespetuan, giza eskubideen defentsan eta indarkeria guztien deslegitimizazioan oinarritutako Bergara baten alde. Izan ere, edozein kausa politiko, edozein estatu-arrazoi ez dago pertsonen duintasunaren gainetik".
Amaitzeko, beste urte batez, EH Bilduri eskaera egin diete: "Eskatu nahi diegu gure
herrian azaltzen diren mezu iraingarriak ezabatzeko eta gaitzesteko erabakia eta konpromisoa har dezan. Izan ere, demokrazian, bizikidetza eta normaltasun politikoa lortzea helburu dugunokin ez datoz bat, ez dira onargarriak. Laburbiduz, jeltzaleon ustez, mota honetako jokabideek ez dute lekurik gaur egungo gizartean, are gehiago, bidea oztopatu besterik ez dute egiten. Horregatik, bizikidetzaren ibilbidean pausoak eman ditzan eta konpromiso errealak har ditzan eskatzen diogu EH Bilduren Udal Gobernuari".