Bergarako UNEDek hasiera emango dio 2022-2023ko ikasturte akademikoari ofizialki egubakoitzean, azaroaren 18an. Horretarako, ohi den moduan, ekitaldi bat egingo dute udaletxeko osoko bilkuraren aretoan. Arratsaldeko zazpietan izango da, eta bertaratzeko gonbidapena egin dute zentroko arduradunek.
Hitzartzeek osatuko dute ekitaldia, eta, hasiera emateko, antolatzaileek jakinarazi dutenez, Gorka Artola Bergarako alkateak hartuko du lehendabizi hitza eta, Iñaki Esparzaren txanda izango da ondoren, UNED Bergarako zuzendariarena. Haren atzetik, berriz, Juan Jose Alvarez UNEDeko irakasleak hitz egingo du.
Dena den, hitzartzea ezberdina izango da, gai zehatz baten inguruan jardungo baita. Hain justu, Formación y buena gobernanza: antídotos frente al caos geopolítico hitzaldia egingo du (Prestakuntza eta gobernantza ona: antidotoak anabasa geopolitikoaren aurrean).
Diploma banaketa
Are gehiago, aurreko ikasturtean graduatutako ikasleen diploma banaketa ere egingo dute ekitaldian, eta, horren ostean, agintariek hartuko dute hitza: besteak beste, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, UNED Bergarako patronatuko lehendakaria baita. Eta azkenik, Ricardo Mairal zentroko errektorearen txanda izango da, hitzartzeei bukaera emanez. Amaitzeko, eta ekitaldia borobiltzeko asmoz, Bergarako Musika Eskolako hari taldeak emanaldia egingo du bertaratuentzako.