Bergarako Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du zapatu honetan, arratsaldeko zortzietan, Mariaren Lagundiko elizan eta sarrera doakoa izango da.
Emanaldi honetan Musika Eskolako bost musikari arituko dira lehen aldiz orkestrarekin: Maddi Arando biolajolea nahiz Miren Elorza, Alazne Suinaga, Lander Mujika eta Beñat Azkargorta biolinjoleak.
Ohi bezala, estilo guztietako piezak joko dituzte. Christoph W. Glucken Alceste operaren oberturarekin emango diote hasiera saioari. Ondoren, Jesus Guridiren 10 melodías vascas-en hautaketa izango da entzungai. Horien ostean musikatuko dituzte Aram Khatchaturianen Spartacus-eko adagioa, Enrike Txurrukak moldatutako 3 suediar polska eta Leroy Andersonen Blue tango.
Esker hitzak Mariaren Lagundiarentzat
Mariaren Lagundiko mojak joan zirenetik eskainiko duten lehenengo kontzertua izango da. Orkestrako Enrike Txurruka zuzendariak adierazi duenez, euretaz gogoratu nahi dute zapatuan, beti eman dieten erraztasunengatik. Esker hitzak ere izan ditu: "Orain, elizaren ardura eskolak du eta beraiek ere, erraztasun osoa eman digute kontzertua eta bezperako entsegua antolatzeko. Mila esker bada, eskolari ere".