Bizirik dauden panpinak baino askoz gehiago

Mireia Bikuña 2022ko aza. 4a, 09:06

Euskal Herriko, Kataluniako, Uruguaiko, Argentinako eta Mexikoko artistak batu dituzte Taun Taun Teatroak eta Bergarako Udalak Helduendako Nazioarteko XVI. Txotxongilo Mostran. Domekara arte, hamar emanaldi egongo dira.

Pandemiak ere ezin izan zuen harizko panpinen haria moztu. 2020koa laburragoa eta berezia izan zen. Bada, bi urtean behin egiten den Bergarako Helduendako Nazioarteko Txotxongilo Mostra distiratsu dator oraingoan. "Gogotsu gaude. Egitarau polita osatu dugu. Betiko osagaiekin eta berrikuntzekin", dio Taun Taun taldeko kide Itxaso Azkaratek. Bi horien adibide dira gaur, egubakoitza, izango direnak: Markeliñeren Andante ikuskizun ibiltaria eta Olatz Gorrotxategiren Mierda de ciudad. Lehenengoan, memoria historikoaren errepasoa egingo du Markeliñek, eta ikuskizunaren elementu nagusia zapata bat izango da. Zapatak eta maskarak erabiliko dituzte kalean barrena egingo dute emanaldian.

Ikuskizun berritzailea izango da bigarrena. Musika zuzenean duen proposamena dakar Gorrotxategik. "Rock-and-rollaren eta punkaren historia kontatzen du. 90eko hamarkadan girotutako emanaldia izango da. Oso berezia", dio Azkaratek.

Kalean eta aretoan

Zapatua eta domeka izango dira atzerritik datozen taldeen lanak ikusteko egunak. Horietako bi, Libelul.la eta The strambotik kabaret, kalean egingo dituzte, bi egunetan. Toti Toronell aktorea izango da lehenengoan protagonista. Zirku txiki bat muntatuko du, karpa txiki batean. Eta hark egingo ditu paper guztiak. Ikuskizunaren txikitasunak eragina izango du ikusle kopuruan: bakoitzean 50 pertsona onartuko dituzte. Bigarrenean, dantzariak izango dira protagonistak. "Emanaldi magikoa egingo dute globoekin".

Bestalde, Uruguaiko Coriolis Konpainiak Seminarixoan egingo du Pasos largos emanaldia. Paperezko hiru soinekorekin, hiru istorio kontatuko ditu Maru Fernandez protagonistak.

Zinema emanaldia

Nazioarteko Mostraren azken emanaldia Mexikoko eta Kataluniako kideak dituen Zero En Conducta taldeak egingo du: Trashhh delakoa. Izar izan gura duen zabor-poltsa txiki baten pasadizoak kontatuko dituzte 30 minutu iraungo duen emankizunean. Azkenik, talde berak egindako Anima, animae, animam filma ikusi ahal izango da. Zapatuko edo domekako sarrerarekin, debalde izango da.

Egitaraua, egunez egun

Sarrerak salgai daude Seminarixoa.eus atarian.

Egubakoitza

• 18:00-19:00 Taun Taunen Tinglaua, osoko bilkuren aretoan.

• 19:00 Markeliñeren Andante, Seminarixoko karpan. •

20:00 Olatz Gorrotxategiren Mierda de ciudad, Seminarixoan.

Zapatua

• 13:00 Toti Toronellek Libelul.la, Munibe plazan.

• 18:00-19:00 Taun Taunen Tinglaua, osoko bilkuren aretoan.

• 19:00 Rauxaren The strambotik kabaret, San Martin plazan.

• 20:00 Coriolis Konpainiaren Pasos largos, Seminarixoan.

Domeka

• 11:00-12:30 eta 17:00-19:00 Taun Taunen Tinglaua, osoko bilkuren aretoan.

• 12:30 Toti Toronellen Libelul.la, Munibe plazan.

• 13:30 Rauxa Konpainiaren The strambotik kabaret, San Martin plazan.

• 20:00 Zero En Conductaren Trashhh, Seminarixoan, eta ostean, Anima, animae, animam filma. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak