Astebete geratzen da Antxintxika kroserako, eta, aurten ere irteera puntuan batuko diren 400 korrikalari ingururekin batera –oraingoz, 215 lagunek eman dute izena, kirolprobak.com webgunean–, desgaitasun fisiko eta psikikoak dituzten ume eta helduek ere Soraluze eta Bergara lotzen dituen lasterketan esku hartu ahal izango dute. 2019an jarri zuten ekimen hori abian, Orkly enpresak erositako aulki bereziak erabili zituzten, eta bai aulkietan joan zirenek eta baita aulkiei bultza egin zietenek ere arratsaldea giro ederrean pasa zuten: "Iazkoa sekulakoa izan zen, eta aurten ere irteera puntuan izango dira hamahiru lagun. Bada, deialdia zabaldu genuen boluntarioak behar genituela esateko, eta jendea animatu da, baina oraindik 10-12 lagun inguru behar ditugu. Azken baten, komeni da aulki bakoitzaren ondoan 4-5 laguneko taldea joatea erreleboka bultza egiten, eta talde batzuetan kopuru hori osatzea falta da". Hala, laguntzeko interesa daukatenek 688 63 51 53 telefonora deitu behar dute.
Aulki horietan joango diren gaztetxoek korrikalariekin batera hasiko dute lasterketa, 17:00etan, baina beste modalitate batzuk ere izango dira, eta haiek 16:30ean hasiko dute proba: "Handbikean eta aulki gurpildunean dabiltzanak irtengo dira orduan, tartean izango da duela aste gutxi Zumaiako triatloia egitea lortu zuen Joseba Azkarate, eta 16:45ean irtengo dira patin gainean dabiltzanak".
AEA ikertzeko laguntza
Aurtengo nobedadeetako bat da izen-ematearen zati bat AEA (ELA) gaixotasuna ikertzeko bideratuko dutela, eta, horrekin batera, debagoiendar azkarrenek Mikel Crespo eta Oliver Hernandez sariak jasoko dituztela: "Taldekideak genituen biak, eta lasterketa eurak gogoan izateko ere baliatuko dugu".