Bergarara joan da Euskal Herriko 46. Dantza Txapelketako lehen saria

Hasier Larrea 2022ko urr. 23a, 10:19

Argazkia: Dantza sueltoa.

Saioa Galarragak eta Julen Murgiondok irabazi dute atzo, zapatua, Segurako Baratze pilotalekuan jokatutako lehiaketa. Aurtengoa 46. aldia izan da, eta guztira Bizkaia eta Gipuzkoako bederatzi bikotek hartu dute parte.

46. Euskal Herriko Dantza Txapelketan 74 puntu eskuratu ditu Saioa Galarraga eta Julen Murgiondok osatutako bikoteak. Bergararrek puntu eta erdi atera diete bigarren sailkatuei, Maren Galvez lezotarrari eta Gorka Granado sopeloztarrari –iazko irabazleak–. Hala, Aitor Ruiz de Egino eskultoreak eginiko garaikur nagusia lortu dute, baita Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko trofeoa, 800 euro eta oroigarria ere. Era berean, Gipuzkoako bikote onenaren sariarekin egin dira.

Partaideek zortzi pausoko fandangoa dantzatu behar izan dute, txistuz lagunduta, Isilkara txistulari taldearen musikarekin, eta ondoren arin-arina trikitiaz, Estanga Anai-arrebak trikitilarien piezarekin. Epaimahaia Euskal Dantzarien Biltzarreko bost adituk osatu dute: Gabriel Alonsok, Idoia Besadak, Karlos Sarriegik, Koro Sarasolak eta Xabier Mendizabalek.

Murgiondo, Erasmusetik etorria

Lorpenak istorio polita du atzean. Izan ere, Julen Murgiondo Polonian zegoen duela hilabete batetik, unibertsitateko Erasmus programan, baina txapelketara etorri nahi izan du. Hala, atzo goizean iritsi, Seguran dantzatu, txapela irabazi eta gaur goizean abiatu da berriz Poloniara.

Galarragak adierazi du, ondorioz, ez dutela batera entseatzeko aukerarik izan, eta "bakoitzak bere kabuz" praktikatu behar izan duela. Edonola ere, iaioak dira dantza soltean, eta ondo ezagutzen dute elkar, Moises Azpiazu dantza taldearen barruan "10 urte" baitaramate elkarrekin dantzatzen.

Bikoteak guztira sei aldiz parte hartu du Segurako txapelketan, 2016tik, eta 2019an ere eskuratu zuten garaikur preziatua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak