Bergarako Musika Bandak 190 urte bete ditu aurten, eta hainbat aldaketa izan ditu urte horietan guztietan. 2020a ezkero, esate baterako, hamabost gazte sartu dira taldean, eta horietako lauk joan den domekan egin zuten debuta Udal Pilotalekuan eskainitako kontzertuan.
Laida Unamuno eta Aimar Linzoain flauta jotzaileak eta Uxue Vega eta Alazne Suinaga klarinete jotzaileak dira bandako hasi berriak, 14 eta 15 urteren bueltakoak.
Unamunok adierazi duenez, urduri jarri ohi da kontzertuetan, baina bandarekin eginiko lehenengoan ez zuen halakorik sentitu: "Jende gehiena ezagutzen nuen; esaterako, nire aitak jotzen du, eta babestuta sentitu nintzen". Beraz, ez du dudarik aurrera begirakoei dagokienez: "Txikitatik jotzen dut flauta, eta, asko gustatzen zaidanez, bandan jarraitzea gustatuko litzaidake".
Bada, horixe bera diote Linzoainek eta Vegak ere. "Uste baino gehiago disfrutatu nuen eta sentsazio onak izan nituen, asko entseatu behar den arren", azaldu du Antzuolako flauta jotzaileak, nabarmenduta musika "gogoko" duela eta taldean dagoen giroarengatik ere jarraitzea gustatuko litzaiokeela. Are gehiago, Vegak ere esan du "primerakoa" izan zela kontzertua, eta hasiera besterik ez dela.
Baita orkestran ere
Suinagak ere taldeko giroa nabarmendu du, eta bandan jarraitzeko "sekulako gogoa" duela erantsi. Gainera, Bergarako Orkestra Sinfonikoan ere badabil, baina, klarinetearekin beharrean, biolinarekin. Hain justu, 2020a ezkero sartu diren hamalau gazteetako bat da.