Kulturaldian "hurbileko" gaiak landu dituzte

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko urr. 21a, 10:43

Zahartze aktiboa jardueren bitartez sustatzeko, Kulturaldia antolatu du San Joxepe elkarteak. Bihar amaituko da, herri bazkari batekin, baina, orain arteko balorazioari dagokionez, lehendakariak adierazi du parte hartzaileak "asebeteta" gelditu direla.

Kulturaldia antolatu du San Joxepe jubilatu eta pentsiodunen elkarteak, 24. aldiz, eta, Nestor Inurrieta lehendakariak azaldu duenez, zahartze aktiboa sustatzea izan dute asmo egitasmoarekin; adibidez, jubilatuen bizi-kalitatea hobetzeko antolatutako jardueren bitartez.

Urriaren 14an eman zieten hasiera ekintzei, eta, orain arteko jardueren gaineko balorazio orokorrik egin ez badute ere, "hurbileko" gaiak lantzen aritu dira. "Nabarmenduko nukeena da hitzaldietan parte hartu dutenen asebetetze maila. Oso pozik gelditu dira eta gaiak ere interesgarriak izan dira". Baina aitortu du kezka ere baduela bertaratutakoen kopuruarekin. "Tristura sortzen du 20-25 lagun bertaratzeak".

Gai ugari berbagai

Lehen hitzaldian, alzheimerra landu zuten, eta Koldo Aulestia Afagi elkarteko lehendakaria izan zen hizlaria. "Esperientzia pertsonala izan zen, eta horrek begiak asko ireki zizkigun". Horrez gain, energiaren fakturari buruz aritu ziren Kepa Loizaga OCU elkarteko arduradunarekin, eta Inurrietak azaldu du banan-banan eman zizkiela aholkuak hitzaldira faktura eta guzti joan ziren jubilatuei. "Azalpen argitzaileak eman zituen, gaur egun asko arduratzen duen gaia baita".

Hitzaldiez gain, ordea, egon da bestelako aisialdirako aukera ere. Besteak beste, irteera bat egin zuten martitzenean Tolosara, eta eguaztenean antzezlan bat eskaini zuen Donostiako itsuen Oroimenak taldeak Seminarixoan. Atzo, berriz, Oinordetzak eta dohaintzak hitzaldia izan zuten, Gipuzkoako Foru Ogasunaren eskutik.

Bihar, bazkaria

Gaur, mus txapelketa egingo dute, 15:30ean, San Joxepe elkartean, baina bihar izango da egun handia nagusienentzat: herri bazkaria egingo dute. "Batik bat, mugikortasun arazoak-eta izan ditzaketenentzat aukera bat da, haiek ere aprobetxatu dezaten lagunekin egoteko".

Izan ere, Inurrietak uste du erlazionatzea garrantzitsua dela adin horretan. "Elkartzeko leku bat izatea oso garrantzitsua da; bestela, pertsona horiek ez dute-eta horretarako aukerarik izango". Erantsi du aktibitateak laguntzen duela bizitza "hobeagoa" izaten, eta hori "oso inportantea" dela. "Horren kontrakoa etxean egotea da, eta San Joxepek, beraz, era batean laguntzen du horretan ere, zorionez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak