“Alde batetik, egunean zehar izan ditugun ekintza ezberdinekin kulturaz gozatzea; eta bestetik, goizean kulturaren Ekidaren eskutik izan dugun hitzaldiarekin kulturaren inguruan hausnartzea”, azaldu dute Deba Bailarako Kontseilu Sozialistatik gaur Bergaran egin duten Guda Zelaia jardunaldiaren bigarren aldiaz galdetuta.
Hala, goizeko mugimendu sozialistaren barruan kultura eta artea lantzen dituen Ekidaren hitzaldiaren ostean, Moises Aspizu dantza taldekoen dantzak izan dituzte ikusgai. 80 lagun inguruk Kartzela Zaharrean bazkaldu dute gero, eta arratsaldean izan dira Ekidaren beraren Agirretarren bandera ikuskizuna eta Debrass Band-en kalez kaleko emanaldia.
Gaueko kontzertuek ematen dutenaren faltan, Deba Bailara Kontseilu Sozialistakoak gustura daude egunak emandakoarekin: “Balorazio positiboa egiten dugu bai eduki aldetik eta baita jendearen parte-hartzearen aldetik ere . Eguraldiarekin ere zortea izan dugu”. Bergarakoez eta Debagoienekoez gain, jardunaldian Goierri aldetik etorritako jendeak ere parte hartu duela gaineratu dute.