Bergarako ortu komunitarioen lursailak zozkatu dira

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko urr. 11a, 19:06

75 lursail banatu dira, eta beste 21 daude erabilgarri. Onuradunek 50 euroko fidantza jarri eta ikastaro batean hartu beharko dute esleipena behin betikoa izan dadin.

Urriaren 5ean egin zen San Joxepen kokatuta dauden baratza komunitarion lursailen esleipena, eta onuradunen zerrenda Bergarako Udalaren webgunean kontsulta daiteke.

Orain, esleipena behin betikoa izateko, alde batetik Udalak antolatutako baratzegintza ekologikoari buruzko ikastaroa egin beharko dute erabiltzaileek, eta, beste alde batetik, 50 euroko fidantza ezarri beharko dute. Horretarako, transferentzia egin beharko dute hurrengo kontu-korrontean: Kutxabank 2095 5070 79 1061075569.

Nahitaezko ikastaroa

Ikastarorako, berriz, bi data —hilaren 22a, euskaraz, eta 29a, bi hizkuntzatan— ezarri dituzte, eta onuradunek aukeratu ahal izango dute zeinetara joan. Biak ortu publikoen parkean izango dira, 9:30etik 13:30era.

Udalak eskatu du aurretiaz jakinarazteko zein saiotan hartuko duen parte bakoitzak, negia@bergara.eus helbidera mezua idatzita edo 943 77 91 56 telefono zenbakira deituta.

Ortua eskuratzeko aukera

Guztira 75 lursail banatu ditu Udalak, baina beste 21 daude erabilgarri. Udalak jakinarazi du, "ortuen esleipena bideratzen denean, epez kanpo jaso diren eskaerak" tramitatzen hasiko dela, "jaso diren hurrenkeran". Hortaz, interesa duten herritar orok egin dezake eskaera dagoeneko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak