Proiektu txiki eta handiak, datozen hilabeteetarako

Uxue Igarza Loiola 2022ko urr. 11a, 16:24

Datozen hilabeteetarako proiektuen berri eman du Gorka Artola alkateak, eta Bergara izan, bizi, ekin plana oinarri izango dutela adierazi du. Bidegorri sarea berritzea, ur txorroten parkea egitea, Arrizuriaga birgaitzea edota azoka biziberritzea dira asmoak.

Dimentsio handiko bi lan ditu eskuartean Bergarako Udalak: Zubieta eta Masterreka kaleen birgaitzea eta Agorrosingo futbol zelaia berritzea. Horiez gain, baina, "dimentsio txikiagokoak" direnak ere badaudela azaldu du Artolak.

Horietako bat da dependentzia apala duten adinekoentzat San Joxepen zabalduko den Arin zerbitzu berria. "Pertsona horien autonomia eta bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duena eta zerbitzu oso aproposa izango da", azaldu du Artolak eta gehitu du Pertsona Nagusien Kontseilua sortzeko bidea ere zabalik dagoela. Bestetik, ortu komunitarioen proiektua ere martxan dela ekarri du gogora. 

Bi obra "berezi"

Arrizuriaga birgaitzea eta azoka biziberritzea dira Bergarako Udalak dituen beste bi proiektu. "Arrizuriaga eraikina egonkortzeko lanak martxan daude, eta nahiko aurreratuta. Ondoren barruan garatuko den herrirako kultur proiektu berri eta berritzailearen lanketa ere abiatuta dago. Elkarlanean ari gara elkarlana gure ezaugarri bat izatea nahi dugulako", dio. Udalaren iritziz, Bergarako "aberastasun kulturalari" ekarpena egingo zaio proiektu horrekin. Azokaren proiektua ere ildo beretik lantzen ari direla esan du alkateak. 

Bestelako lanak

Boluko maldaren egonkortzerako lanen lehen fasea amaitzea ere aurreikusten du Udalak; baita Osintxun hainbat interbentzio egitea ere. Herri barruko bidegorri sarea berritzea eta bizikleten eta autoen artean bidea partekatzeko prestatzea ere nahi du gobernuak, eta aisiari lotuta, ur txorroten gunea eta parke estalia egingo dira eta baita Zabalotegiko jolas parkea eraldatu ere. 

Horiez gain, hileta eta agurrak egiteko, "espazio laiko baten beharra" sumatzen zela adierazi du alkateak eta hileta zibilak egiteko gune bat sortzekotan daudela aurreratu du.

Bukatzeko, egun gutxi barru Ehundu eraldaketa sozialerako bulegoa zabalduko dela kontatu du eta Energia Berriztagarrien Komunitatea sortzeko urratsak ere eman direla. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak