'Gero arte festa' duela urtebete hil zen 'Popi'-ri

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko urr. 7a, 08:32

Gero arte Popi festa kartelean erabili duten Popi-ren argazkia. (Argazkia: E.L.)

Aitor Arakistain zenaren lagunek eta gertukoek elkarlanean antolatu dute hura oroitzeko ekitaldia, eta bihar izango da, kartzela zaharrean; bazkariaren ostean, musika estilo aukera zabala izango da, herriko hainbat musikarik girotuko baitute gaztetxea.

Joan den urtean zendu zen Aitor Arakistain Arruti, Popi ezizenez ezaguna. Urte askoan, Popis tabernaren jabe, eta, gertukoen esanetan, "Bergarako kulturaren sustatzaile". Orain, Gero arte Popi festa antolatu dute haren lagunek, eta bihar izango da, kartzela zaharrean. Ordu bietan, bazkaria egingo dute, eta, ondoren, arratsaldean, hainbat kontzertu eskainiko dituzte Popirekin harremana zuten Bergarako zenbait musikari eta taldek. Daxka taldeko kideak 30 urteren ostean elkartuko dira, soilik omenaldi honetan emanaldia eskaintzeko. Horiez gain, Low Cost Deluxe, Fango eta disko berria atera duen DBQ arituko dira, besteak beste. Eguna borobiltzeko, musika elektroniko saioa egongo da, "haren tabernan hori ere sustatu zuelako".

Bazkarirako nahiz emanaldietarako tiketak urriaren 5era arte eros zitezkeen, baina, antolatzaileek adierazi dutenez, "tabernetan saldu gabe geratu diren kontzertuetako sarrerak kartzela zaharreko leihatilan jarriko dituzte salgai egunean bertan, 18:30etik aurrera". Aurreratu dutenez, estilo askotariko doinuak taularatuko dituzte musika-joleek, hala nola rantxerak, elektronika eta punka.

Urtebetetze festa birsortzen

Popik antolatzen zituen urtebetetze-festak irudikatu nahi dituzte lagunek ekitaldian

Uztailaren 17an betetzen zituen urteak, eta, urtero ez, baina data horren bueltan antolatzen zituen urtebetetze-festa "bereziak" Popik Pol-pol taberna zaharrean, lagunez eta haien musikaz inguratuta. Festa honetan, festa haien esentzia berreskuratu nahi izan dute: "Denok dauzkagu festa haien oso oroitzapen positiboak. Abestiak prestatzen zizkioten Popiri gertuko askok, opari modura. Aspaldiko kontuak dira, baina une hura irudikatu nahi genuen. Jendea horregatik inplikatu da".

Auzolanean antolatutako festa

2021eko azaroaren 6an Bergarako Seminarixoko karpan egin zuten agur ekitaldia Popiren lagunek musikari baten kontzertu batekin: "Argazki batzuk jarri genituen eta ordu batzuetako elkargunea izan zen. Adin askotariko lagunak eta ingurukoak elkartu ginen. Hiletarik egiten ez dugunez, gero arte esateko modua izan zen". Adierazi dutenez, egun hartan ikusi zuten Popi bezalako figura bati beste era bateko agurra egitea "polita" izango zela: "Maiatzean edo ekainean erabaki genuen zapatuko ekitaldia egitea, eta antolaketagatik aukeratu genuen urriaren 8a".

Auzolanean sortutako ekintza dela nabarmendu du bergararraren lagun taldeak: "Ez gara elkarte bat, lagun-talde bat gara. Batzuk ibili gara antolakuntzan, baina hemen auzolana dago. Kartzela zaharreko kideak, Popiren kuadrillakoak, haren inguruan hasitakoak, bezeroak... Jende asko dago inplikatuta".

Hala ere, kartzela zaharraren lana gaineratu dute, espazio alternatiboa izateaz gain, kultura bultzatzen duen espazio potentea baita.

Esker hitzak

Antolatzaileek oraindik ez dute pentsatu ere egin datorren urtean halako beste festarik antolatuko duten. Badakite egunean bertan askok lagunduko dietela, baina, diotenez, aurtengoa nola ateratzen den ikusi behar dute: "Jarraipena izango duen esatea asko aurreratzea izango litzateke. Printzipioz, zapatukoa egingo dugu, eta gero ikusiko da besterik egiten den".

Halaber, antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete ekimen horretara joan eta euren laguntza eman duten guztiei, kartzela zaharretik hasi eta parte hartuko duten musikari eta lagun guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak