'Munduari bira 80 egunetan' antzezlana Seminarixoan bihar

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko urr. 7a, 13:10

Aktoreak oholtzan, obrako pasarte bat eszenaratzen. (Argazkia: GLU-GLU)

Ordubeteko bidaia egingo dute pertsonaiek euren herrian, hainbat jatorritako jendea eta egoerak birsortuz.

Glu-glu konpainiaren Munduari bira 80 egunetan antzerki-ikuskizuna izango da ikusgai bihar, arratsaldeko seietan, Seminarixoan. Sarrerak lau euroren truke eros daitezke www.seminarixoa.eus webgunean.

Andrea Covadongak, Jon Casamayorrek, Sara Barroetak eta Leire Ormazabalek taularatuko dute Jules Vernek idatzitako izen bereko liburuan ardatz hartu duen antzezlana. Abenturako istorio bat da, modu komiko eta musikalean kontatua.

Ordubeteko bidaia

Liburua errealitatera egokitu dute. Izeba-osabak eta bi iloba dira protagonistak, eta ipuina ozen irakurtzen amaitzen dutenean hasiko da antzerkia; iloben iritzi,z ez dago munduan zehar bidaiatu beharrik jatorri eta arraza askotariko pertsonak ezagutzeko, egunerokotasunean mundu osoko pertsonekin egiten baitute topo.

Hortik aurrera, osaba-izeben etxeko ganbaratik atera gabe, herrian buelta bat ematen dutela irudikatuko dute, ordubetez, hainbat jatorritako pertsonak eta egoerak birsortuz. Hortaz, eleberriko eszena mitikoak emulatuko dituzte eta pertsonaia berriak sortu dituzte garapen dramatikoa eraikitzeko.

Abestiak eta dantzak obran murgiltzeko gakoak dira. Gainera, zirkuko elementuek leku exotikoak nahiz garraiobideak irudikatuko dituzte, hala nola itsasontziak, trenak eta globoa.

Lanaren helburua da ikuslea abenturan murgiltzea eta parte aktibo izatea. Antzerki taldetik aurreratu dutenez, leku askotako giroa biziko dute ikusleek, baita soinuek igorritako emozioak sentitu ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak