Trini Fox musika taldeak 'Deabrua' EPa aurkeztu du

Koldo Zubia Salas 2022ko ira. 29a, 10:57

Punk-rocka, stonerra, hard rocka eta rock alternatiboa jorratzen dituen laukotea da Trini Fox. Xabier Iñurrieta –baxua eta koruak- bergararra da taldekideetako bat.

Punk-rocka, stonerra, hard rocka eta rock alternatiboa jorratzen dituen laukoteak Deabrua EPa atera du.  2015ean sortu zen eta Azpeitiko, Azkoitiko eta Bergarako kideek osatzen dute taldea; horien artean dago Xabier Iñurrieta baxu-jole bergararra.

Deabrua EP berria hiru abestik osatzen dute –Sutan, Ni hau naiz eta Engainatuz– eta grabaketa Gaztain Estudioetan egin zuten, Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean. Deabrua EPa kaleratu aurretik, Bila Nabil EPa, Letagina LPa eta Ataraxia LPa atera zituzten.

Trini Foxek ez du estilo berririk sortu, baina ezohiko doinuak entzun daitezke haren abestietan. Influentziak talde kaliforniarretatik, suediarretatik eta euskaldunetatik datozkie. Hala ere, taldekideen gustu musikalek sorturiko musikak osatzen du Trini Foxen doinu eta melodien esentzia. Laukotearen zuzenekoetan gaztetasunaren energia nabarmena da, eta ikuskizun indartsu baina gertukoak egiten dituzte. 

Sari batzuk ere irabazi dituzte; aipagarrienak dira 2017an Katapulta Tour eta 2019an Gaztea Maketa Lehiaketako entzuleen sariak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak