Bigarrenez antolatu dute EKINola jardunaldia. Miguel Altuna Lanbide Heziketak, Bergarako Udalak eta Enpresarek antolatu dituzte elkarlanean, Debagoieneko Mankomunitatearen eta Tknikaren laguntzarekin. Autoenpleguaren inguruko sentsibilizazio lanketak eginez, enpresen eta ekintzaileen arteko harremana sortu, elkar ezagutza sustatu eta negozio ideia berritzaileak partekatu dituzte.
Ekintzailetza gazteengana hurbildu eta gazteek ekintzailetza prozesuak nolakoak diren ezagutzea izan da dinamikaren helburuetako bat. Hala, ideiatik hasita, negozio eredua diseinatzera arteko pausuak jarraitu dituzte. Taldetan banatuta, bukaeran, bakoitzak bere proiektua aurkeztu du epaimahaiaren aurrean eta talde irabazleak 1.000 euroko saria eskuratu du.
Miguel Lazpiurri omenaldia
Saioaren bukaeran Miguel Lazpiur omendu dute. Miguel Altunako zuzendari Joxu Aranak eta Bergarako alkate Gorka Artolak balioan jarri dute Lazpiurrek ekintzaile eta enpresari gisa Bergarako garapenean izan duen pisua. "Industrian eta enpresagintzan zer esanik ez, baita beste hainbat arlotan ere. Beti azaldu du prestatutasuna herriaren alde lan egitekoa".
Miguel Lazpiurrek, bestalde, pozik hartu du errekonozimendua: "Nik ez dut halakorik merezi, hemen dauden gazteen baimenarekin hartzen dut nik omenaldi hori", azaldu du. Lazpiur, ekintzaile batek beharrezko dituen balioez mintzatu da bere mintzaldian. Lanerako gaitasunaz, ilusioaz, eta bereziki, gizartearekiko konpromisoaz. Gainera, gaur egungo gazteen artean dagoen ekintzailetzarako gaitasuna ere ekarri du gogora. "Hazi asko dago, eta guk hor egon beharra dugu eurendako, badugu zer erakutsi bide honetan. Hori delako herria egitea", azaldu du.