Kirol ekintza guztiak bertan behera gelditu dira eta kultura eragileekin antolatutakoen artean hiruk egingo dute aurrera. Horietako bat izan da gaur eguerdian Aritzeta abesbatzak, Bergarako Orfeoiak eta Bergarako Orfeoi Gazteak egindako emanaldia. San Martin plazan egitekoa zen, eta Seminarixoa aretoan izan da azkenean, baina kantulariek erakutsi dute lehengaia badela herrian. Euskal kantu tradizionalak eskaini ditu lehenengo eta behin Aritzeta abesbatzak Imanol Urzelairen zuzendaritzapean.
Bergarako Orfeoi Gaztearen eta Bergarako Orfeoiaren txanda etorri da gero. Lehenengo kantu bat egin dute gazteek eta jarraian bi taldeek batera eskaini dute hurrengoa. Orfeoiak amaitu du kontzertua beste pare bat kantu eskainiz. Aitor Garitano Agirreoleak zuzendu du Orfeoi Gaztea eta Aitor Biain Bidartek Orfeoia.
Kultura Kalera egitasmoaren baitan antolatutako beste bi ekitaldi izango dira gaur. Ttipika taldearen dantza gidatua eta herriko bertako Low Cost Deluxe rock taldearen kontzertua; lehena 19:00etan izango da eta bigarrena 22:00etan, Seminarixoa aretoan biak.