Bergarako Kirola eta Kultura Kalera ekimena, euriaren menpe

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko ira. 22a, 16:37
Bergarako Low Cost Deluxe, artxiboko argazki baten, Irizar jauregiaren atarian; hilaren 24an, Seminarixoan joko dute, 22:00etan.

Irailaren 24rako eta 25erako egun osoko egitaraua prestatu zuen Udalak herriko kirola eta kultura arloko taldeekin elkarlanean, baina eguraldiagatik bertan behera geratu dira bereziki kirol jarduerak; kultura ekintza batzuk egingo dira Seminarixoan.

Kirol eta kultura arloetan Bergaran lanean ari diren hainbat eragileren lana kalera ateratzeko asteburua izan behar zuen datorrenak. Pandemiaren erruz 2019a ezkero egin barik egon ostean, asteburu honetarako hainbat ekintza zeuden aurreikusita; egun osorako egitaraua zegoen lotuta zapaturako zein domekarako, baina eguraldiak asmo gehienak zapuztuko ditu. Izan ere, Udalak atzo jakinarazi zuenez, kirol arloko jarduera guztiak bertan behera utziko dituzte: "Domekarako dagoen eguraldi iragarpena kontuan hartuta, kalean egitekoak ziren kirol jarduerak ezingo direnez egin, ekimena bertan behera uztea erabaki da. Kultura Kalerako egitarauan jasotakoetatik batzuk, aurreikusi bezala, leku itxietan egingo dira".

Helburua, ikusi eta probatzea

Pandemia aurretik, kirola kalera ateratzeko egun bat egon ohi zen eta beste bat egun bat kultura kalera ateratzeko, eta aurten asmoa zen bi egunak asteburu baten pilatzea. Izan ere, ekimenaren helburua da herriko elkarteek egiten duten lana ezagutzera eman eta herritarrei aurkeztea; hau da, herritarrak kirola edo kultura arloko eskaintzaz informatzea eta haien zaletasunekin bat egiten duen elkarterik badago bertan izena ematera animatzea.

Kirolik ez, kultura bai

Kirol arloko ekintza guztiak bertan behera geratu dira, baina euriak ez du ekimen osoa zapuztuko, kultura arloko ekintza batzuk egingo dira eta. Bergarako Musika Eskolaren Musika tresnak aurkitzeko prest? izeneko ginkana ez da egingo, gainditu beharreko probak kalean egitekoak ziren eta. Hori bai, biharko, hilak 24, aurreikusita zegoen Bergarako Orfeoiaren, Aritzeta abesbatzaren eta Orfeoi Gaztearen kontzertua San Martin plazan zen egitekoa, baina Seminarixoan egingo dute (13:05). Eta berdin egingo dute Ttipika taldearen dantza gidatuarekin eta herriko bertako Low Cost Deluxe rock taldearen kontzertuarekin; lehena 19:00etan izango da eta bigarrena 22:00etan, Seminarixoan.

Helduendako bizikleta ikastaroa

Udalari, Lokatzari eta Diputazioari esker, bizikletaz ibiltzen ikasteko ikastaroak egingo dira, helduei zuzenduta. Ordu eta erdiko lau saio izango dira, irailaren 27an eta 29an eta urriaren 4an eta 6an, 16:30etik 18:00etara. Ikastaroa doakoa da, baina aurrez izena eman behar da (649 69 33 02).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak